LABek dio kooperatibak «prekarietatearen sortzaileak» direla
Roal CB enpresako langileen eredua jarraituz, sektorez sektore antolatu eta lan baldintza prekarioekin amaitzeko borrokatu behar dela dio sindikatuak, «enpresariei haginak erakutsiz»Lea-Artibai eta Busturialdeko kooperatibak «prekarietatearen sortza...
Roal CB enpresako langileen eredua jarraituz, sektorez sektore antolatu eta lan baldintza prekarioekin amaitzeko borrokatu behar dela dio sindikatuak, «enpresariei haginak erakutsiz»
Lea-Artibai eta Busturialdeko kooperatibak «prekarietatearen sortzaileak» direla salatu eta egoera horregaz amaitu beharra dagoela esan du LAB sindikatuak. «Lan baldintza prekarioen aurrean langileek haginak erakutsi behar dituzte, borrokatu egin behar dute».Bi eskualdeetako prekarietatearen «salaketa gogorra» egiteko, sindikatuak Berriatuan dagoen Cikautxo kooperatibaren aurrean egin zuen atzo agerraldia. Izan ere, Cikautxok azpikontratatutako Roal CB enpresako langileek euren lan baldintza prekarioak salatu dituzte azken egunotan.
Salaketa horren harira, gainera, Roal CBko jabeek langileak mehatxatu ere egin dituztela agertu du sindikatuak. «Lehen zapalduta bazeuden, gero mehatxuak eta abar etorri dira. Baina langileek horiei aurre egin eta euren lanpostuak arriskuan jarri dutenean, enpresariek frenoa zapaldu dute».
Horregatik, Roal CBko langileen eredua jarraituz, horrelako egoeran dauden gainerako langileek ere «haginak erakutsi» eta borrokatu egin behar dutela dio sindikatuak. «Inork ez du ezer oparituko. Prekarietateari langileek egin behar diote aurre. Eta gu prest gaude kooperatibetan aldi baterako kontratua dutenei eta azpikontratetako langile guztiei borroka horretan laguntzeko».
«Antolatu eta borrokatu»
Horretarako, baina, sindikatuak indarrak batu eta borrokara gehitzeko deia egin nahi izan die egoera horretan dauden sektore ezberdinetako langileei. «Borrokatzeko, baina, ezinbestekoa da antolatzea. Beraz, sektorez sektore antolatu eta egunez egun borrokatu behar da».
Kooperatiba bakoitzak, gutxi gorabehera, dozena bat azpikontrata eduki ahal dituela eta horietan lan egiten dutenek 800 eta 400 euroko soldatak dituztela salatu dute. «Ez dugu ulertzen Cikautxok eta beste kooperatibek zelan onartzen duten azpikontratetako langileak hitzarmen barik lanean egotea. Kooperatibei berdin zaie langileak hitzarmen bategaz lan egiten duten edo ez».
Halaber, salaketa egiteaz betera, «Cikautxo, Maier eta prekarietatea onartzen duten gainerako enpresa guztiak» seinalatu eta egoera hori ez dutela onartuko esan nahi izan die LABek. «Prekarietatearen atzean kate luzea dago».