39. Euskal Zine Bilera urriaren 16tik 23ra bitartean ospatu da. Eta Zine Bileraren helburuei jarraituz, I. Kartel Lehiaketak ere herritarren sorkuntza eta partaidetza bultzatzea du helburu. Herritarrek uztailaren 31ra bitartean aurkeztu ahal dituzte lanak, data biak barne.
Behin lanak bidaltzeko epea amaitzen denean,
proposamenak onartzeko txanda izango da. Hori
abuztuaren 1etik 8ra bitartean egingo da.
Kartel irabazlea, aldiz,
irailaren 12an iragarriko dute, Bilboko BBK aretoan egingo den ekitaldian. Eta irabazleak 1.000 euroko saria eskuratuko du.
Lanak ondoko posta elektronikoko helbidera bidali behar dira:
zinebilera@zinebilera.com.
Baldintzak. Aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta inon argitaratu gabekoak izan beharko dira. Eta partaide bakoitzak kartel bakarra aurkeztu ahalko du. Halaber, kartelean agertzen diren irudi edota bestelako elementuek egilearen jabetza eskubidea eduki beharko dute.
Beste alde batetik, lanek genero ikuspegia ere kontuan eduki beharko dutela jakitera eman dute. “Sexistak direnak baztertu egingo ditugu”.
Kartelean agertu behar diren idatziak:
39. Euskal Zine Bilera/Lekeitio 2016/Urriaren 16tik 23ra.
Aurkezteko modua. Parte hartzaileek orri bat bete beharko dute lanak aurkezterakoan, eta lanarekin batera aurkeztu beharko dute aipatu orria. Horretan, izen-abizenak, helbide elektronikoa, telefono zenbakia eta twitter kontua zehaztu beharko dituzte. Halaber, kartelari berari ere izenburu bat ipini beharko zaiola azaldu dute. “Epaimahaiak kartelaren izenburuarekin aukeratuko du kartel irabazlea; ez dute eskura izango parte hartzaileen datuak agertzen diren orria”.
Formatuari dagokionez, kartelak JPG formatuan aurkeztu beharko dira, bertikalean, eta 300 ppp-ko tamaina izan beharko dute, gutxienez.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Euskal Zine Bilera “euskal zinemagintzaren topagunerik garrantzitsuena” dela zabaldu nahi dute. “Euskal Zine Bilera euskara hutsean egiten den munduko zine bilera bakarra da. Eta egitasmoa berakako ezin hobea da zine zaletasuna dutenak euskal zinea den itsasontzira igoarazteko”.
38. Euskal Zine Bilerako sariduna. Argazkia: Euskal Zine Bilera / Josu Trueba Leiva
Beraz, Zine Bilerako kartela aipatu kakoarekin nola edo hala lotzea nahi dute. Horretarako, lana errazte aldera,
hitz gako batzuk proposatu dituzte antolatzaileek:
kakoa, zinegileak erakarri, saretu, batu, euskal zinemagintza porturatu, zinegileak harremanetan ipini, euskarazko zinema da gakoa, Lekeitio euskal zinemagintzaren portua, euskal zinemagileen bilera…
Gainera, aurrera begira ere Euskal Zine Bilera ikuslegoa euskarazko zinemagintzara erakartzen duen kakoa izaten jarraitzea nahi da. “Azken finean, urtetik urtera Lekeitioko Euskal Zine Bilera euskarazko zinemagintzaren bilgune eta erakusleiho garrantzitsuena izatea nahi dugu”.