Kamiñazpiko parkean elkartu dira asteburuan [ekainak 4-5] ondarrutarrak. Jaietako txupina barikuan bota zuten, eta ordundik domekako lehen orduetara arte, giro ezinhobea egon da auzoan.
Urteroko hitzorduek jendetza bildu dute: Playback lehiaketak bederatzi talde eta bakarlari bat igo zituen agertokira bariku gauean; ondo landuriko koreografiak eskaini zituzten gazteek; azkenean, epaileen erabakiz,
Lorituk taldea izan zen
playback onenaren saria jaso zuena –hirugarren urtea da sari hori irabazi dutena– eta
Eskandalosak kuadrillarentzat izan zen
koreografia onenarena.
Playback lehiaketa
Ohi legez,
Txo! antzerki kolektiboko Ion Iñaki Artetxek eta Aitor Artetxek ikus-entzuleen arreta bereganatu zuten; youtuber eta moja mozorroturik, azken urteetan teknologia berriek eman duten jauzia antzeztu zuten. Eta
Tramana & Brix antzerki taldekoek gorputzak astintzera animatu zituzten gazte eta helduak, Beyonce-ren doinuekin. Drindots-en kontzertuagaz amaitu ziren barikuko jarduerak.
Unanue musika eskolako ikasleek kontzertu ederrak eskaini zituzten
playback-aren aurretik, eta zapatu eguerdian, jaieremua alaitu zuten eskolako trikitilari taldekoek.
Palan lehia handia
Pala txapelketa ekarri zuen zapatuak: ohi legez, 16 bikote aritu ziren zein baino zein gehiago; partidu lehiatu eta luze asko jokatu ostean, Ibai-Aitor eta Mikel-Igor bikoteek jokatu zuten finala: 22-16 irabazi zuten lehengoek.
Parkean paella prestatzen hasita zeuden finala jokatu orduko.
Aitor Mendiluze eta Asier Azpiroz bertsolariek girotu zituzten bazkalaurreko eta bazkalosteko minutuak. Mus txapelketa, umeentzako puzgarriak… zapatua ekimenez bete eta jendearen erantzun onagaz joan zen. Ekitaldi bat geratu zen egin barik: umeentzako zinema emanaldia. Gauean,
Asmo Txarrak eta
Gozategiren kontzertuek txiki laga zuten Kamiñazpiko jaietako karpa. Luze joan zen gaua, “euri barik”.