Maite Aizpurua mutrikuarrak eta Azkoitiko Imanol Larrañagak jantzi dute Mutrikuko XII. Mendi lasterketako txapela. 22 kilometroko ibilbidea betetzeko 1:39:90 behar izan zituen korrikalari azkoitiarrak, eta nesken garaileak, aldiz, 02:13:21 behar izan zuen lasterketa amaitzeko.
Nesken podiuma. Argazkia: Burumendi
Lekeitioko Ibon Bengoetxeak (01:41:42) eta Mutrikuko Iñigo Agirrek (01:42:20) osatu zuten podiuma gizonezkoen sailkapen orokorrean, eta emakumezkoetan, berriz, Sonia Albarez (02:17:56) eta Miren Apraiz (02:23:50), bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Antolatzaileek nabarmendu dutenez,
lehia oso estua egon zen gizonezkoen artean. “Lehen hiru sailkatuak lehen kilometroetatik aurretik ibili ziren, eta azken kilometroan erabaki zen lasterketa”.
Sailkapen orokorrari dagokionez,
bertoko kirolariak ere aurrean ibili ziren. Gizonezkoen artean, beste hiru kirolari lehen hamarren artean ibili ziren: Xabi Astigarraga mutrikuarra, bosgarren helmugaratu zen, eta Ruben Arrizabalaga mutrikuarra eta Ekaitz Solabarrieta ondarrutarra, ordea, zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Maria Robles lekeitiarra ere aurreko postuetan ibili zen, seigarren amaitu zuen proba.
Lasterketako lehen hiru sailkatuak. Argazkia: Burumendi
Oinezkoen mendi martxari dagokionez,
280 bat parte hartzaile animatu ziren 22 kilometroko ibilbidea egitera. Burumendi Mendizale Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, askok egunean bertan eman zuten izena; 100 bat lagunek. “Aurten ere aurreikuspenak bete egin dira. Eguraldia lagun, azken momentuan mendi martxa egitera animatu direnak asko izan dira”. Korrikan, ordea, 93 lagun batu ziren.
Burumendiko kideak, oro har, pozik geratu dira. “Mendia egoera onean egon da. Eguraldia lagun, jendea gustura ikusi dugu, eta gu ere pozik geratu gara”. Lasterketa amaitu eta sari banaketan ere giro ona nagusi izan zen Mutrikuko Goiko Plazan. Eguerdira arte material zozketa egin zen.
Mendizaleak mendian gora. Argazkia: Burumendi