Talde zuri gorriak jakitera eman duenez, Kepa Arrizabalaga atezain ondarrutarrak
Athletic-eko lehen taldeagaz jokatuko du denboraldi-aurrea. Ez da lehen mailako taldeagaz ariko den lehen aldia. Aurretik ere beste hainbat denboraldi-aurre ere prestatzen aritu da, eta jokatu egin ez badu ere, Bilboko talde nagusiagaz ere bidaiatu izan du.
Talde bilbotarra
uztailaren 11n hasiko da Lezaman 2016-2017 denboraldia prestatzen, eta Gorka Iraizoz eta Iago Herrerin atezainekin batera, Valverderen esanetara ariko da Arrizabalaga ere. Athletic-ek gaineratu duenez, aurten denboraldi-aurreko prestaketa guztiak Lezamako kirol instalazioetan egingo ditu; hau da, ez du kanpoan egonaldirik aurreikusten. “Taldeak lagunarteko partidak jokatzeko bidaiak egingo ditu soilik. Arerioak zehaztean datak eta ordutegiak jakinaraziko dira”.
Kepa Arrizabalaga Valladolideko elastikoagaz. Argazkia: Real Valladolid
Azken bi denboraldietan Arrizabalagak
lagata jokatu du kanpoko bi taldetan. Bukatu berri den denboraldia bigarren mailako
Real Valladoliden 40 partida jokatu ditu titular modura, horietako bat Kopan, eta aurreko denboraldiaren erdia, ostera, maila bereko
Sociedad Deportiva Ponferradinan aritu zen; 20 partida jokatu zituen.
Gaztetatik, Arrizabalaga
Athletic taldearen harrobian prestatu da. Atheltic taldearen barruan maila guztietako kategorietan egondakoa da (alebin, txiki, kadete eta gazte). 2011-2012 denboraldian, 17 urte zituela, Athleticen bigarren taldera jauzi egin zuen (Baskonia). Hurrengo denboraldian Bilbao Athleticera igo zen (bigarren maila B). Eta 2013. urteko udan, denboraldi-aurrea lehenengo taldearekin egin zuen, Ernesto Valverderen agindupean.
Kepa Arrizabalaga atezain ondarrutarra. Argazkia: Real Valladolid
Naziortean ere ibili izan da, Espainiako selekzioagaz, 17, 19, 20 eta 21 urtez azpikoetan. 19 urtez azpikoetan, Europako Txapelketa irabazi zuen 2012. urtean. Horretan, atezain titularra izan zen eta partida aipagarriak jokatu zituen, Frantziaren aurka jokatutakoa esaterako. Espainiko selekzioko 20 urte azpiko taldean ere Munduko Koparako atezain titular izateko prestatu zen 2013an. Baina lesio bat tarteko, ezin izan zuen.