Gernika RT 7-35 nagusitu da mailari eusteko kanporaketaren joanekoan
Gernika Rugby taldeak herenegun Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatu zuen mailari eusteko kanporaketaren joaneko partida, eta 7-35 nagusitu zen CAU Rugby Valenciaren kontra. Domekan (hilak 12) jokatuko dute bueltako partida, Urbietan.Talde valentzia...
Talde valentziarra mailaz igotzeko ari da kanporaketa jokatzen.
Basurdeek hasierako minutuetatik gogor estutu zuten aurkaria. 5. minutuan, Sebastian Joel Berterok entsegua egin, eta transformatu zuen. Hala, 0-7 aurreratu zen talde gernikarra.
Handik gutxira, Mauro Amorrek gernikarren bigarren entsegua egin zuen, eta Berterok transformatu zuen (0-14).
Etxeko taldea erasoan ahalegindu arren, basurdeen defentsa lan bikainak haien ahaleginak ezerezean utzi zituen. Atsedenaldira heldu aurretik, beste bi entsegu lortu zituen Gernika RTk, eta 0-28ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Atsedenalditik bueltan, etxekoak markagailuko aldea murrizten saiatu ziren, eta jokalari bat gehiagogaz zeudela aprobetxatuta, lehen entsegua lortu zuten. 7-28 jarri ziren markagailuan.
Hala ere, gernikarrak nagusi ziren. 77. minutuan Mauro Amorrek bere bigarren entsegua egin zuen. Halaber, Berterok ere beste entsegu bat lortu zuen partida amaitu aurretik.