Donohue sindromea duen Maialen Aulestia umearen aldeko eguna ospatuko da zapatuan [ekainak 11], Lekeition. Amaia Zabalak piztu zuen elkartasunaren argia eta argi guztiak pizten hasi zitzaizkion katean. Horrela, umeari laguntzeko elkartasun zozketa izan behar zena, egun osoko jaia bihurtu da: Maialenen aldeko eguna.
Amaia Zabala ekitaldiaren bultzatzailea zozketako oparien aurrean.
Donohue Sindromea gaixotasun arraro bat da, ez dago tratamendurik edo sendabiderik sindrome horri aurre egiteko. 50 kasu ezagutzen dira munduan; Espainiako estatuan hiru kasu diagnostikatu dituzte, eta gaur egun, Maialen Aulestia da gaixotasun horregaz dagoen ume bakarra.
Sindromeak gaitz asko sortzen dizkio umeari, eta bizi itxaropena ere urte gutxikoa da. Hala ere, umearen bizi kalitatea hobetzeko lan handia egiten dute umeak berak eta haren senideek. Ahalegin horretan bakarrik ez daudela erakutsi, eta elkartasun bultzada emateko prest, gogoz eta ilusioz agertu dira lekeitiarrak.
Lekeitiok horretarako gaitasuna bazeukala eta, elkartasun ekimen bat antolatzea zen Amaia Zabalaren asmoa. Bere kintxoa da Ainhoa Alzaga umearen ama, eta bere onespena jasota, ekinean hasi zen.
Dena emateko prest
Kitto elkarteko dendarien atea eta ostalariena jo zuen lehenengo, eta dirua utzi beharrean, bakoitzak zekiena ematea zela egokiena erabaki zuten. Horrela, opari originalak lortzen hasi ziren zozketarako: pintxo potea, 20 euro denda batean gastatzeko, afaria…
Guztira hogei bat opari lortzea espero zuten, eta 70 dituzte jada.
«Jendeak deitu eta donazioak egin ditu, bakoitzak nahi duena emanez. Madriletik ere deitu du lekeitiar batek, sehaska bat eskainiz», zehaztu du Zabalak.
Aittitta Makurra bat, Isuntza, Athletic, Real Sociedad eta Eibar taldeetako kamisetak…, denetarik irabazi daiteke euro bateko txartelen trukean.
Bideo bat ere egin zuen umearen egoera azaltzeko Traolako Xabier Villalba lekeitiarrak, eta apurka-apurka gero eta jende gehiago batzen joan da Maialen Aulestiari laguntzeko elkartasun gurpilera.
Zozketarako opariez gain, ekitaldiak antolatzera ere animatu dira Lekeitioko talde eta elkarteak. Hainbat proposamenekin joan zaizkio Amaia Zabalari, «dena emateko prest». Horrela, Lekitto Musika Bandaren kontzertua egongo da bihar, 22:00etan, zinema aretoan, eta goizetik iluntzera arte, ekitaldiz beteta dator zapatua.
Denek egina, denentzako
Otoio tabernan ere performance bat egingo dute Eneko Arruza margolariak eta Mikel Uraken kantautoreak, eta margotutako koadroa enkantean jarriko dute, «Maialeni laguntzeko».
Txikienetik nagusienera, mundu guztiak parte hartu ahalko du, gainera, Maialenen aldeko egunean. Musika, dantzak, jolasak, kirola, hitzaldiak, erakusketak eta puzgarriak ere egongo dira plazan, hondartzan eta Eskolapean. Eta guztiak lotuko dituen ikurra marinel zapia izango da, hori aukeratu dute-eta elkartasun ikur.
Ekitaldi solidarioa asko handitu bada ere, antolaketa esperientzia polita izan dela azpimarratu du Zabalak. Etxekoak, lagunak, Aittitta Makurra Txarangako kideak eta herritar ugari eduki ditu alboan.
«Jendearen emozioa eta on egin beharra ikustea izan da politena».
Marinel zapia soinean jarri, eta Maialen Aulestiarentzako dirua batzea izango dute zapatuan helburu, «guztiek batera».
EGITARAUABARIKUA22:00. Lekitto Musika Bandaren kontzertua zinean.
ZAPATUA10:30-11:30. Diana: Estudiantinako akordeoiak, Itxaropena txistulariak, Gitarra eta trikitixak.
11:30-12:00. Altzuan taldearen eskutik: Kinder Music saioa Olga Petruchenia Ramirezegaz plazan.
12:00. Isuntza elkarteak sardina ereak salduko ditu.
12:00-13:30. Aringa-aringa solidarioa Garraitz taldearen eskutik plazan.
11:00-14:00. Eskulan Tailerreko eta Lekeitioko ehoziri-lan egileen lanen erakusketa eta salmenta Eskolapean.
13:30-15:00. Aittitta Makurra Txarenga kalerik kale.
17:00-20:00. Lekittoko Aisialdi Taldearekin txapak egin eta saltzeko aukera eta haurrentzako margoketa txokoa plazan.
17:30-18:00. Karate erakusketa hondartzan.
18:00-18:30. Etorkizuna dantza taldearen eta Lekeitioko kiroldegiko dantza taldearen dantza emanaldia plazan.
18:00 eta 19:00. Lekeitioko Urpeko taldearen eskutik Manu San Felixen eta Abenturazale handien uharan atzetik hitzaldiak Azkue aretoan.
18:30-20:00. Txikirri txikirri eta kantu tailerra. Estudiantina kalerik kale.
Arratsalde osoan. Puzgarriak egongo dira plazan.
20:00. Maialenen aldeko zozketa eta diru kontaketa limoiondoetan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.