Peñanekua plazan dagoen Otsolo eraikina erosi du Etxebarriko Udalak, herritarrei zerbitzua emateko asmoz. Beheko partean dagoen taberna
uztailaren erdirako zabaldu nahi dute eta goiko partean zer egin, berriz, hurrengo hilabeteetan erabakiko dute.
Otsoloko nagusia hil zenetik eraikina bereganatzea
herritarrentzako onuragarria izango litzatekeela erabaki zuen udalak, baina, orain arte ezin izan dute nahi hori gauzatu. Behin eraikina eskuratuta, Otsolo Tabernaren alokairua lehiaketaren bidez esleitzeko baldintza juridiko eta ekonomiko- administratiboak jasotzen dituen agiria onartu zuen maiatzaren 26an ospatutako ohiko bilkuran Etxebarriko Udalbatza Osoak.
Otsolo taberna dagoen eraikin osoa erosi du Etxebarriko Udalak.
«Jaietarako taberna prest egotea nahi dugu eta proposamenak hartzen hasi gara», azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Goiko partea
Otsolo tabernaren alokairuak
euro bateko kostua izango du. «Guk zerbitzua ematea nahi dugu eta horretarako erraztasunak emango ditugu».
Tabernaren goiko partea
udal ekipamendu ezberdinetarako erabili daitekeela ikusten du udalak. Hala ere, bertan zer egin erabakitzeko herritarrei galdetuko dietela zehaztu du alkateak. «Inkesta bat zabalduko dugu herritarrek nabaritzen dituzten premiak ikusteko eta horren arabera erabakiko da zer egin».
Behin egin beharrekoa erabakita,
hurrengo urteetan proiektua gauzatuko dute. «Eraikina dagoen bezala mantendu edo berria egin beharko den ere ikusi beharko dugu» aitatu du alkateak.