Xisterak dio ez dagoela akordiorik Markina-Xemein eta Mutriku Jai Alai World Tour-eko egoitza izateko
Atzo [ekainak 9] aurkeztu zuten, Bilboko Bizkaia frontoian, zesta-punta zaleak itxaroten ari diren udako Jai Alai World Tour-a. Agintari, zale eta pilotariak batu ziren bertan, eta aurkezpena musikaz eta erakustaldi txiki batez girotua egon zen. Aurkezpenean, Markina-Xemein, Lekeitio eta Mutriku Jai Alai World Tour-eko egoitza izango direla iragarri zuten.
Gaur [ekainak 10], ostera, Xistera Euskal Herriko Kluben Klubak esan du Markina-Xemeingo Mutrikuko udalek eta klubek ez dutela horren berririk eduki. “Publikoki esan nahi dugu gaur egun ez dagoela inongo akordiorik, ez Markina, ez Mutrikuko Udalen aldetik, ez Kluben aldetik. Beraz, erabat gezurtatu behar dugu berri hori, publikoak jakin dezan egoeraren errealitatea”.
Uztailaren 8an hasiko da hirugarren Jai Alai Tour-a. Punta-puntako hamasei pilotari aterako ditu kantxara norgehiagokak. Goikoetxea handiarekin batera, lehian ariko dira Beaskoetxea, Egiguren, Ormaetxea, Erik, Enbil eta beste hainbat goi mailako pilotari. Lea-Artibaiko pilotariak ere ariko dira JAWT-aren lehian: Ibai Erkiaga lekeitiarra, Erik Mendizabal mutrikuarra eta Ibon Aldazabal berriatuarra. “Ezina tarteko badira falta direnak ere, baina maila goreneko udara izango da aurtengoa ere”, nabarmendu zuten antolatzaileek.
Banakakoak berrikuntza nabarmena biziko du aurten. Frontoi txikian jokatuko da. Oso osorik Bilboko Bizkaia frontoian Aste Nagusia jaien egitarauaren baitan.
Jon Redondo (Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria), Txema Aldamiz-Etxebarria (Munduko Pilota Batzarreko presidentea), zeina lehiaketaren antolatzaile den, bizkaitar erakunde nagusienetako agintariak (Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala) pozik agertu ziren txapelketagaz.