Mutrikuko Erraldoi eta buruhandien konpartsak antolatuta, gaur [ekainak 11] Erraldoien eta buruhandien II. topaketa egin dute Mutrikun. Herriko konpartsako Urtzi, Mari, Sorgina eta Aker erraldoiekin eta Txotxolo, Oker, Alper eta Txoro buruhandiekin batera, Bergaratik eta Usurbildik etorritako beste bederatzi erraldoi eta sei buruhandi ibili dira herriko kaleak girotzen gaurkoan.
Herriko ezagunak diren pertsonaiez gain, beste hainbat pertsonaia ikusteko aukera ekarri dute kanpoko konpartsek, besteak beste: baserritarrak, jauntxoak, okinak, erregea, akerra, pailazoa, deabrua, amona zaharra… Baina, herritarren arabera, kanpotik etorritako pertsonaiarik deigarrienak Bergarako Guti eta Felixin buruhandiak izan dira. “Sekula horrelako buruhandi bat ikusi gabe nengoen. Oso bitxiak eta xelebreak dira, euren suziriekin eskuetan”, zihoen Goiko Plazan iloba eskuetan zegoen herritar batek.
Bergarako ‘Guti’ eta ‘Felixin’ buruhandiak
Jaialdia 11:30ak inguruan hasi da. Konpartsek Entzusetik, Samikollatik eta Komendu ingurutik irten dute, eta kalerik kabe ibili eta gero Goiko Plazan batzen joan dira. Dena batu ondoren, zanpantzarrak aurretik, Beheko Plazarantz joan dira kalejiran.
Beheko Plazan, gero, konpartsa bakoitzeko erraldoiek dantza bana egin dute, eta dantza amaitu ondoren, Goiko Plazarantz abiatu dira berriro, kalejiran. Goizeko ekimenak hiru konpartsetako erraldoiek batera baltsa dantzatzen amaitu dituzte. Tartean, Mutrikuko Futbol Taldeko kadete neskei harrera ere egin diete erraldoi eta buruhandiek. “Herriko futbol taldeko kadeteek lehen mailako kopa txapeldunak izan dira, eta udaletxera bidean gure artetik igaro dira”.
Topaketan parte hartu duten konpartsetako kideak, Goiko Plazan
Miruaitz frontoian bapo bazkaldu eta gero, arratsaldean ere, Goiko Plazatik irtenda Beheko Plazarantz kalejiran atera dira hiru konpartsak. Beheko Plazan dantza bana egin dute konpartsa bakoitzeko kideek, eta berriro Goiko Plazara joan dira. Han beste dantza bana eginaz amaituko dituzte aurtengo topaketako ekimenak.
Mutrikuko Erraldoi eta buruhandien konpartsako kideek nabarmendu dutenez, bigarren topaketa ere oso ondo joan da. “Goiza zein arratsaldea primerakoak izan dira; denak ondo irten du. Lanean 80 bat pertsona batu gara, eta ikuskizunak ikusten jende piloa egon da. Bergarako eta Usurbilgo taldeko kideak oso gustura ikusi ditugu, eta gu ere pozik geratu gara. Eguraldi lagun, giro ona sortu da herrian, gehiago ezin dugu eskatu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.