Giro ederrean elkartu dira Oletako Pazko jaien asteburuan
Zapatuan [ekainak 11] tortilla txapelketagaz murgildu ziren jaietan, eta amorotarrek gaur [ekainak 13] gauean Egan taldearen erromeriagaz agurtuko dituzte Oletako Pazko jaiak.
Aurretik, arratsaldean, Bat, Bi, Hiru Festa animazio taldearen eskutik, puzgarriak, erraldoiak eta jolasak egongo dira umeentzat.
Mexikar eguna dute gaurkoa. Izan ere, Xabier Saldias Egan taldeko abeslariaren Oletako azken kontzertua izango da, eta haren Mexiko Mexiko kanta ezaguna aitzakiatzat hartuta, Mexikar Eguna ospatuko dute. Amorotarrek jaie amaiera berezia emango diete, beraz, aurtengoan.
Amorotoko kuadrillek zortzi tortilla aurkeztu zituzten zapatu iluntzeko txapelketan. Jai batzordeko kideek adierazi dutenez, oso giro ederra izan zuten bai tortillak prestatzen aritu zirenean, eta baita gaueko kontzertuetan ere: “Jendetza izugarria batu zen gaueko kontzertuetan”, zehaztu dute Oletako Jai Batzordeko kideek.
Euskal Herriko hiru talde ezagunek jo zuten Amoroton. Horietatik eskualdeko ordezkaritza bakarra zegoen, eta hura izan zen oholtzara igotzen lehena. Sustrajah Band talde lekeitiarraren reggae doinuek dantzan jarri zuten plaza.
Ostean, Ze esatek talde donostiarraren txanda izan zen, eta haien kanta itsaskorrekin gorputzak astindu zituzten bertaratutakoek. Amaitzeko, Akerbeltz talde bilbotarrak girotu zuen plaza.
Dantza, giza probak eta musika atzo [ekainak 12]. Bestalde, atzo eguerdian Oletako zelaian elkartu ziren herritarrak. Meza entzun ostean, herriko Arta Nagusi dantza taldearen emanaldiaz gozatu zuten zelaian bildutakoek.
Arratsaldean, berriz, urte urte ikusmina sortzen duen giza proben emanaldia ikustera joan ziren asko eta asko. Mendexako, Berriatuako eta Mendaroko neska-mutilen arteko dema jende askok jarraitu zuen. Mendaroko taldea izan zen txapelduna; berriatuarrak bigarren geratu ziren, eta mendexarrak hirugarren.
Proben ondoren, Bainuetxe bateko asteburuko egonaldia, urdaiazpikoa eta Kriantza ardo kaxa zozkatu zituzten. Hauek dira zenbaki saridunak: 2220/1480/2219. Jai batzordetik jakitera eman dutenez, bi astez gordeko dituzte zenbaki horiek, eta zenbaki saridunak agertu ezean hauek izango dira ordezko zenbakiak: 0627/1457/1668.