Ondarroako bonoak deritzon egitasmoa martxan jarri du Ondarroako Udalak,
herriko ekonomiari bultzada emateko. Kamiñaldeko lur jausiaren ondorioz herriko saltokiek beherakada nabarmena jasan dute salmentetan, eta ekimenagaz, hain zuzen ere, herriko ekonomia suspertu nahi dute. Guztira, 600 bono jarri dituzte herritarren eskura.
Ekimena Zatozte Ondarroako Merkatari eta Ostalari elkartegaz eta
Leartibai Garapen Agentziagaz batera elkarlanean jarri du martxan udalak. Bono bakoitzak
10 euroko kostua izango du, eta horien eros ahalmena, ostera, 15 eurokoa izango dela jakitera eman dute. “Herriaren ekonomiari bultzada bat emateko, bonoak eskaintzen dituzten abantailak aprobetxatu, eta herrian erostera animatu nahi ditugu herritarrak”, azaldu du Eneritz Basurko merkataritza zinegotziak.

Ondarroako bonoa egitasmoaren aurkezpena. Argazkia: Ondarroako Udala
Bonoak Ondarroako
Kutxabankeko kutxazainetan eskuratu ahal izango dira,
gaurtik [ekainak 13] ekainaren 30era bitartean. “Kreditu txartel bakoitzeko bono bakarra eskuratu ahal izango da, eta Kutxabankeko bezeroek ez dute gainkosturik edukiko. Gainontzekoek, 60 zentimo ordaindu beharko dituzte, bono bakoitzeko. Bonoak ezin izango dira elkarren artean metatu, eta erosten denaren zenbatekoak 15 euro edo gehiagokoa izan beharko du, berau erabili ahal izateko”.
Bonoak herriko establezimenduetan erabili beharko dira, eta kanpainan parte hartuko duten saltokiek beraien erakusleihoetan kanpainaren kartela edukiko dute ipinita, herritarrek identifika dezaten. Oraingoz, honakoak dira kanpainan parte hartu duten saltokiak: Bengoetxea, Campo Optika, Domeka, Dra, Duomo, Egidi, Eguzki, Elle, Ganbara, Gandiaga, Gili-Gili, Goe, Goiko Torre, Ibili, Idaga, Idiakez, Kikari, Klik Klak, Korpion, Kurike, Lavin, Lide, Loaldi, Lorak Esther, Maite Elosua, Marta, Olaia, Ondar, Ondarruko Dia, Optika Vitoria, Pastor, Sustrai, T.X.O., Tiki taka, Txikiñe, Txikitxu, Txist, Urrusolo, Urruzuno, Usandizaga, Zaldun, Zaloa, Zaton eta Zurrumurru.