Durangon jokatu den Euskal Astea torneoko txapela lortu dute Berriatuko Antxon Alberdik eta Txomin Bereziartuak. Berriatuarrek 30-25 irabazi zioten Kosme eta Del Riok osatutako bikoteari. Euskal asteako finala, hain zuzen ere, Xistera Zirkuituaren barruan jokatu den lehen finala izan da.
Emozio handiko final estua jokatu zuten nagusi mailako finalistek Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Berriatuarrek indartsu hasi zuten norgehiagoka, baina partidaren azken aldera, Kosme eta Del Rio “suspertu”, eta irabazleek txapela lortzeko “biziki sufritu” behar izan zuten.

Euskal Astea torneoko finalistak. Argazkia: Xistera
Gazte mailan, mutiletan, berriz, Mutrikuko Aitor Manzisidorrek eta Berriatuako Txomin Bereziartuak lortu zuten txapela. 25-11 irabazi zioten Berriatuko Unax Vidali eta Mutrikuko Xabier Arrizabalagari. Irabazleek hasieratik erritmo bizia jarri zioten jokoari, eta piloteoa menderatuz, norgehiagoka euren alde bideratu zuten. Bereziartuak, hala, bi txapel lortu zituen. Izan ere, Edu Susoren azken orduko baja eta gero, berriatuarrak hartu zuen haren lekukoa kantxan.
Azkenik,
gazte mailako nesken partida Nahia Calvo berriatuarrak eta Izaro Arbe markina-xemeindarrak 15-8 irabazi zioten Eneritz Lizardi eta Jane Arreitunandia mutrikuarrei. Neskek partida nahiko berdinduta hasi bazuten ere, Calvok eta Arbek gutxinaka markagailuan ihes egitea lortu zuten.