Pablo Berasaluze pilotariaren agur jaialdia eta lau t’erdiko San Fermin torneoaren finalaurrekoa jokatuko dira, uztailaren 2an, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Gaur goizean [ekainak 15] aurkeztu dute ekitaldia udaletxean, eta kontratua sinatu dute Asegarceko eta Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariek. Aurkezpenean parte hartu dute bai eta ere, jaialdiko protagonista izango den Pablo Berasaluze eta Mikel Urrutikoetxea pilotariek.
Markina-Xemeingo Udalak herriko esku pilota taldearen laguntzagaz antolatutako jaialdiak bi helburu dituela azaldu du aurkezpenean Joseba Iraolagoitia kirol zinegotziak. “Urtarrilean beti txapelketako partidaren bat egoten da eta partida hau jarraipen bat izango da, pilotari indarra ematen jarraitu eta eskolako umeentzako irudi izateko”.
Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea eta Rafa Etxebarria Asegarceko kudeatzailea kontratua sinatzen.
Bi pilotari handi euren artean egotea ohore bat dela ere azpimarratu du Iraolagoitiak, Berazaluze eta Urrutiren parte hartzea eskertuz.
Jaialdi handia. Uztailaren 2ko jaialdian partida bikainak egongo direla nabarmendu du, bestalde, Rafa Etxeberria Asegarceko kudeatzaileak. Alde batetik, Berasaluze II.ari jaialdi omenaldi bat egingo diote eta Berrizko pilotariagaz batera aterako dira Uni frontoiko kantxara Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarra, bere bikote izango dena, eta Elezkano II.a edo Urrutikoetxea eta Beroiz.
Urrutikoetxeak lehen partida hori edo bigarrena jokatuko du. Izan ere, Sanferminetako Torneoko finalaurrekoa jokatuko da ondoren, eta Sestaon, ekainaren 24an jokatuko den Bengoetxea VI.aren eta Urrutikoetxearen arteko irabazlea izango da Markina-Xemeinen Olaizola II.aren kontra ariko dena.
Urrutikoetxeak ez daki lehenengo edo bigarren partida jokatuko duen. Hala ere, oso gustura etorriko dela adierazi du Zaratamoko pilotariak. “Bigarren partida jokatzea gustatuko litzaidake. Bizkaitarra izanik niretzako berezia izango litzateke Aimarren kontrako finalaurreko hori Markina-Xemeinen jokatzea”.
Patxi Ibarloza Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeko ordezkaria, Joseba Iraolagoitia kirol zinegotzia, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea, Rafa Etxeberria Asegarceko kudeatzailea eta Pablo Berasaluze eta Mikel Urrutikoetxea pilotariak, gaur goizeko aurkezpen ekitaldian.
Markina-Xemein eta bertako pilotazaleak beragaz oroitzea eskertu du, berriz, Pablo Berasaluzek. “Ea partida on bat atera eta publikoa gozaraztea lortzen dugun”.
Sarrerak, aldez aurretik
Uztailaren 2ko esku pilota jaialdira joan nahi dutenek, aldez aurretik lortu ahalko dituzte sarrerak. Horretarako, pilotalekuko leihatilak zabalduko dituzte antolatzaileek, datozen bariku bietan, ekainak 17 eta ekainak 24, 18:00etatik 20:00etara.
Sarrerek 15 euro, 20 euro eta 25 euro balioko dituzte.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.