Aniztasun funtzionala daukaten Markina-Xemeingo eta inguruko pertsonen autonomia eta elkarbizitza sustatzea helburu sortutako
Leike proiektua amaitzear da. Proiektuaren emaitzak ikusita, adierazpen bat kaleratu dute Leike proiektuaren sustatzaileek, eta adierazpen horri atxikimendua adierazteko
argazki erraldoia ateratzeko deia egin dute. Bihar [ekainak 16] jarri dute ordua,
20:00etan,
Goiko Portalean.

Leike proiektuan parte hartu duten gazteak eta sustatzaileak. Argazkia: Leike
«Aniztasun funtzionala duten pertsonek, gizabanako orok dituen eskubide berberak dituzte euren herrietan eta modu autonomoan bizitzeko eskubidea barne. Gaur egungo errealitatea, ordea, bestelakoa da. Aniztasun funtzionala duten herritarrek, nahitaez, euren jaioterria atzean utzi behar dute tutoretzapeko etxe batean bizi ahal izateko», diote.
Bizkaiko Foru Aldundiak etxebizitza horien banaketa
biztanle kopuruaren arabera egiten duela azaldu dute. «Eta ez eremu bakoitzean dauden beharrizanen arabera. Ondorioz, tutoretzapeko etxebizitzak Bilbo hiriburuaren inguruan kokatzen dira». Horrela, Lea-Artibaik bezalako eskualde txikiagoetan bizi diren herritarrak
zerbitzu horien eskaintzatik kanpo uzten dituztela nabarmendu dute.
Legea
2008/12 legeak, baina, gaur egun indarrean dagoenak,
zerbitzu sozialen hurbiltasuna azpimarratzen duela argitu dute Leike proiektuaren sustatzaileek. Izan ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema komunitateari dagokion
8. artikuluak hurrengoa dio, besteak beste: «Pertsonei arreta beren ohiko ingurunean emateko modua eskainiko du, ahal dela bere bizitokian, eta ohiko bizilekuan jarraitzeko modurik ez dutenean, bere ohiko ingurunearen ordezko egokiak aurkitu beharko dira, neurriagaik eta hurbil egoteagatik egokiak diren egoitza ordezkoak, alegia».
Eskubide horiek sustatzea eta bermatzea
Bizkaiko Foru Aldundiari dagokiola gogora ekartzen dute adierazpenean. Hori dela eta, tutoretzako etxeen banaketarako irizpidea aldatzea, eremu bakoitzean dauden beharrizanak kontuan hartzea eta beharrizanetan oinarrituriko banaketa bidezkoago bat egitea eskatzen diote instituzio horri.
Gizarteratzean sinisten bada eta borondatea badago,
egin daitekela erakutsi du Leike proiektuak.