Aldarte gay, lesbiana eta transexualentzako arreta zerbitzuko kidea da Elena Olaortua. Eta Ondarroako Uxu emakumeen taldeak antolatuta, ekainaren 21ean kirol arloko sexu aniztasunaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du Ondarroako Etxelilan, 19:00etan:
Berbek inporta dute, ez deitu marikoi arbitroari (hitzaldia gazteleraz izango da).
Kirol munduan gero eta gehiago berba egiten da sexu aniztasunari buruz. Baina, zein da errealitatea?
Tantaka-tantaka bada ere, gero eta albiste gehiago ateratzen dira. Batez ere gay diren mutilen kasuak agertzen dira. Baina nahiz eta albisteak gero eta gehiago izan, oraindik ere kirolean gai hau tabu bat da. Gainera, gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdintasun handia dago. Matxismoa oraindik ere oso errotuta dago mundu horretan eta horren eragina handia da. Ez da kasualitatea bistaratzen diren kasu gehienak gizonezkoenak izatea. Gaiaz gero eta gehiago berba egiten da, baina ematen diren pausoak oso txikiak dira. Oraindik ere estereotipo eta aurreiritzi asko daude; apurtu beharreko eredu asko daude oraindik.
Elena Olaortua Aldarteko kidea.
Eta kirol mundu horretan, zeintzuk dira atzematen dituzuen zailtasun nagusiak?
Kirol mota batzuk matxismoak hartu-hartuta ditu. Futbolean eta rugbyan, esaterako, maskulinitatea zalantzan jartzen da. Horrez gain, jende asko mugitzen dituzten modalitateak dira. Gainera, kirolariren batek gay dela esaten badu, normalean erretiratu ostean esaten du. Horrek argi erakusten du euren homosexualitatea bistaratzeak profesioan eragiten diela. Baina ekonomiak ere eragin handia dauka (babesleak eta abar). Kirolak diru asko mugitzen du. Ez da berdina bakarka aritzen den edo taldean aritzen kirolari batek bere homosexualitatea agertzea. Eragina ezberdina da. Orokorrean, baina, faktore asko daude.
Dena dela, gutxi izanda ere, albiste horiek gaia ikustarazten laguntzen dute.
Nola ez. Albiste guzti horiek positiboak dira, erabat. Helburua da kirolean nork bere sexualitateari buruz normaltasun osoz hitz egitea, inongo ondorio barik. Jendarteko alor guztietan, baina, gehiago dira gay direla esaten duten gizonezkoak emakumezkoak baino. Bai politikan, bai telebistan, bai kirol munduan… Horrekin apurtu egin behar da.
Kirol modalitateren bat azpimarratu beharko bazenu, zein litzateke?
Futbola kirol izarra da. Jende asko mugitzen du eta interes asko daude. Ez da berdina igerilari batek gay edo lesbiana dela esatea edo Bernabeun jokatzen duen jokalari batek esatea. Gaur egun jokatzen dagoen futbolista batek gay dela esango balu, kobratzen duen diru guztia kontuan edukita, nik uste urduri jartzen direla albisteak edukiko lukeen oihartzun hutsarekin. Ekonomikoki, gainera, euren atzean marka asko daude. Futbolean matxismoa barrura arte dago sartuta. Hori, gainera, entrenatzaile askoren hizkeran atzematen da: “
Ez baduzu nahikoa korrika egiten ez zara nahikoa gizon/marikitek bezala korrika egiten du“. “Marikoi” hitza ere segituan entzuten da.
Kirol elkarteek zer egiten dute edo zer egin ahal dute?
Badaude talde batzuk gaiaren ikusgarritasunean pauso txikiak ematen dituztenak, Rayo Vallecano esaterako. Talde horrek aurten erabili duen kamisetetako batek, esaterako, ostadarra irudikatzen du. Eta Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean (maiatzak 16) ostadarraren koloreko lokarriak erabili zituzten. Beste edozein gairekin modura, honekin ere erantzukizuna daukate. Elite mailako kirolariren batek erretiratu aurretik gay edo lesbiana dela esateak normalizazio prozesuan asko lagunduko luke. Adibidez, duela gutxi, UEFAko partidu baten, Sevillako futbolari batek “maricon” esan zion arbitroari. Arbitroak txartela atera eta lau partida jokatu gabe geratu zen jokalaria, baina bere taldeak ez zuen inolako adierazpenik egin. “Jarrera horrekin ez gaude ados” edo horrelako zer edo zer esan ahal zuten. Horrek asko lagunduko luke eta. Baina ez zuten egin. Lehen mailako taldeek zeresan asko daukate
Beraz, normalizazioa motel doa.
Bai, beste alor batzuetan baino askoz motelago doa kirol munduan. Nik ez dut pentsatu ere egin nahi gaur egun lehen mailan jokatzen duen futbolari batek gay dela esaten badu zeintzuk ondorio eduki ahal dituen. Ez dut uste egoera hori orain edo gutxi barru gertatuko denik. Adibideak badaude, baina oso gutxi. Eta aurretik esan modura, gizonezkoen eta emakumezkoen artean ezberdintasun handia dago.
Aldartetik zelan lantzen duzue gai hau?
Kanpainen bidez funtzionatzen dugu. Eta batez ere saiatzen gara sektore eta publiko guztietara zabaltzen. Gazteen artean, esaterako, asko jorratzen dugu. Eskola kirolean eta abar gaia ondo-ondo lantzen saiatzen gara, normalizaziorako lanketa behetik hasten da eta. Horrez gain, publikoki ere hainbat kanpaina egiten ditugu.
Hitzaldira doazenak ze mezurekin geratzea gustatuko litzaizuke?
Denaren gainetik, normalizazio prozesu honetan guztian guztiok zer edo zer egin ahal dugula jabetzea nahi dut. Hau ez da herritarrongandik urrun geratzen den gai bat. Ez da bakarrik elite mailan dagoen arazo bat. Guztiok egiten dugu kirola, noizean behin bada ere, edota guztiok ditugu umeak kirol munduan. Bada, ikusgarritasuna hobetzeko gure eremuetan eragin egin behar dugu; aniztasun sexualaren normalizazioa bermatzea guztion erantzukizuna da.