«Eliteko kirolariren batek homosexuala dela esateak asko lagunduko luke»
Uxuk antolatuta, ekainaren 21ean kirol arloko sexu aniztasunaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du Olaortuak Ondarroako Etxelilan, 19:00etan: Berbek inporta dute, ez deitu marikoi arbitroari.Kirol munduan gero eta gehiago berba egiten da sexu aniztasu...
Uxuk antolatuta, ekainaren 21ean kirol arloko sexu aniztasunaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du Olaortuak Ondarroako Etxelilan, 19:00etan: Berbek inporta dute, ez deitu marikoi arbitroari.
Kirol munduan gero eta gehiago berba egiten da sexu aniztasunari buruz. Baina zein da errealitatea?Tantaka bada ere, gero eta albiste gehiago ateratzen dira. Batez ere homosexualak diren mutilen kasuak agertzen dira. Gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdintasun handia dago. Baina oraindik ere kirolean gai hau tabu bat da. Matxismoa oraindik ere oso errotuta dago mundu horretan, eta horren eragina handia da. Ez da kasualitatea bistaratzen diren kasu gehienak gizonezkoenak izatea. Gaiaz gero eta gehiago berba egiten da, bai, baina ematen diren pausoak oso txikiak dira. Oraindik estereotipo eta aurreiritzi asko daude; apurtu beharreko eredu asko.
Eta kirol mundu horretan, zeintzuk dira atzematen dituzuen zailtasun nagusiak?
Kirol mota batzuk matxismoak hartu-hartuta ditu. Futbolean eta errugbian, esaterako, maskulinitatea zalantzan jartzen da. Horrez gain, jende asko mugitzen dituzten modalitateak dira. Gainera, kirolariren batek gay dela esaten badu, normalean erretiratu ostean esaten du. Horrek argi erakusten du euren homosexualitatea bistaratzeak profesioan eragiten diela. Baina ekonomiak ere eragin handia dauka (babesleak eta abar). Kirolak diru asko mugitzen du. Ez da gauza bera bakarka aritzen den kirolari batek eta taldean aritzen den batek bere homosexualitatea agertzea. Orokorrean, baina, faktore asko daude.
Dena dela, gutxi izanda ere, albiste horiek gaia ikustarazten laguntzen dute.
Nola ez. Albiste guzti horiek positiboak dira, erabat. Helburua da kirolean nork bere sexualitateari buruz normaltasun osoz hitz egitea, inolako ondorio barik. Dena dela, jendarteko alor guztietan, gehiago dira gay direla esaten duten gizonezkoak emakumezkoak baino. Horregaz apurtu egin behar da.
Kirol modalitateren bat azpimarratu beharko bazenu, zein litzateke?
Futbola. Jende asko mugitzen du, eta interes asko daude. Ez da gauza bera igerilari batek gay edo lesbiana dela esatea edo Bernabeun jokatzen duen jokalari batek esatea. Ekonomikoki, gainera, euren atzean marka asko daude. Futbolean matxismoa barrura arte dago sartuta. Hori entrenatzaile askoren hizkeran atzematen da: «Ez baduzu nahikoa korrika egiten, ez zara nahikoa gizon»; «marikitek bezala korrika egiten du». «Marikoi» hitza segituan entzuten da.
Kirol elkarteek zer egiten dute edo zer egin ahal dute?
Badaude talde batzuk gaiaren ikusgarritasunean pauso txikiak ematen dituztenak, Rayo Vallecano, esaterako. Talde horrek aurten erabili duen kamisetetako batek, esaterako, ostadarra irudikatzen du. Eta Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean ostadarraren koloreko lokarriak erabili zituzten. Beste edozein gaigaz modura, honekin ere erantzukizuna daukate. Elite mailako kirolariren batek erretiratu aurretik gay edo lesbiana dela esateak normalizazio prozesuan asko lagunduko luke. Bestetik, jarrera homofoboen aurrean «jarrera horrekin ez gaude ados» edo horrelako zer edo zer esan ahal dute taldeek. Horrek ere asko lagunduko luke.
Beraz, normalizazioa motel doa.
Bai, kirolean beste alor batzuetan baino askoz motelago doa. Adibideak badaude, baina oso gutxi.
Aldartetik zelan lantzen duzue gai hau?
Kanpainen bidez funtzionatzen dugu. Eta batez ere saiatzen gara sektore eta publiko guztietara zabaltzen. Gazteen artean, adibidez, asko jorratzen dugu. Eskola kirolean eta, gaia ondo-ondo lantzen saiatzen gara, normalizaziorako lanketa behetik hasten da eta.
Hitzaldira doazenak ze mezugaz geratzea gustatuko litzaizuke?
Aniztasun sexualaren normalizazioa bermatzea guztion erantzukizuna da. Guztiok zer edo zer egin ahal dugula jabetzea nahi dut; ez da urrun geratzen den gai bat. Guztiok egiten dugu kirola, noizean behin bada ere, edota guztiok ditugu umeak kirol munduan. Bada, ikusgarritasuna hobetzeko gure eremuetan eragin egin behar dugu.