Errefusaren sailkapen saioak egingo dituzte Lea Ibarreko herrietan
Lea Ibarreko herrietan sortzen diren hondakinak zein neurritan sailkatzen diren ikusteko, errefusaren sailkapen saioak egingo dituzte Lea Ibarreko herrietako plazetan, teknikariek lagunduta.
Saioak. Lehenengo saioak bihar [ekainak 17] egingo dituzte, Munitibarren (09:30) eta Gizaburuagan (15:00). Aulestin eta Amoroton astelehenean [ekainak 20] egingo dituzte saioak, 09:30ean eta 15:00etan, hurrenez hurren. Mendexan eguaztenean [ekainak 22] egingo dute, 09:30ean.
Azaldu dutenez, herri bakoitzean errefusaren edukiontzian biltzen diren hondakinak herriko plazara atera, eta horretan behar egiten duten teknikariek sailkapena egingo dute. “Benetan zer birziklatzen dugun jakingo dugu”.
Horrez gain, eskualdeko landa eremuko errefusaren beste azterketa bat ere egingo da. “Landa eremuan gaika biltzeko edukiontzirik ez dagoenez, horrek birziklapen ohituretan eraginik ote duen aztertu nahi da”.
Amoroto: hondakin txikiak berrerabiltzeko hitzarmena. Beste alde batetik, Amorotoko Udalak etxeko hondakin txikiak berrerabiltzeko zerbitzua eskaini ahal izateko hitzarmena sinatu du Bizkaiko Foru Aldundiagaz. Hitzarmenari esker, Amorotoko bizilagunek edukiontzi berezietan utzitako material berrerabilgarri txikiak kudeatuko dira. Hala, “hondakinen sorrera gutxitzea” aurreikusi dute aldundiko ordezkariek.
Ondoko materiala sartu ahalko da edukiontzi horretan: arropa, oinetakoak, osagaiak, liburuak, jostailuak, bazar gaiak eta gailu elektriko eta elektroniko txikiak. “Gogorarazi behar da etxeko hondakin berrerabilgarri txikiek ezaugarri berezi batzuk dituztela berrerabiltzeko edo birziklatzeko prozesu bat izateko egokiak egiten dituztenak”.