Aurten, estreinako, Zerbikas izeneko proiektuari jarrituz, herrian
zerbitzu solidario bat garatu eta aldi berean ikasi egin ahal izan dute R.M. Azkue ikastolako DBH1eko ikasleek. Herrian dauden beharrizanak aztertu eta batzuk baztertu eta gero, txakur kakak gutxitzeko kanpaina abiaraztea erabaki zuten. “Konturatu ginen Lekeitio txakur kakaz beteta dagoela. Eta hori konpontzeko, bi helburu ipini genituen: behengaineko txakur kaka kopurua gutxitzea eta txakur jabeak eta oro har, herritar guztiak arazoaz kontzientziatzea”.
Herritar guztien esku. Arazoaren irtenbidea herritar guztien esku dagoela azpimarratu dute ikasleek udaletxeko osoko bilkura aretoan egin duten agerraldian. “Izan ere, batzuek kakak jasotzeko ardura duten bitartean, txakurrik ez dutenek isilik ez geratzeko erantzukizuna dute”.
R.M. Azkue ikastolako ikasleak, proiektua aurkezten.
Ikasleek, gainera,
Lekeitioko Udalaren babesa eduki dute. “Proiektua zehaztuta genuenean, udal ordezkariekin bildu eta euren oniritzia eskatu genien”. Udalak pozik hartu zuen gazteen ekiteko gogoa eta indarra, proiektua garatzeko elkarlana izan dute oinarri. Eta elkarlan horren erakusle izan da Amaia Antxustegi Lekeitioko zinegotziak gazteei eskainitako hitzak. “Beste herri askotan modura, Lekeition ere txakur kakekin arazoa dago. Eta eskertzekoa da ikasleek egin dutena”.
Ekintzak. Helburuak betetzeko, azken bi hilabetean askotariko ekintzak egin dituzte ikasleek: “Kaka kalea” kartelak ipini kale desberdinetan, kamara faltsuak ipini, kakak seinaleztatu, publizitate kanpaina bat bideratu, komunikabieekin harremanetan jarri, bideo bat egin…
Gaurko agerraldian, gainera,
txakur kaka kopuruak behera egin duela igarri dutela ere esan dute. “Espero dugu egindako lanak zerbaitetarako balio izatea”.
Herritarrek txaloekin eskertu diete proiektuaren azalpena eman izana. Baina, galdera-erantzunen tartea aprobetxatuta, herritar batek ondokoa gaineratu die ikasleei: “Egia da txakur kakena arazoa dela. Baina horrekin isilik geratu ez den modu berean,
behegainean dauden pakete eta bestelako zikinkeriekin ere berdin egin behar da. Horiek ere zakarrontzira bota behar dira, eta ez lurrera”.
Ikasleak eta irakasleak, proiektua aurkeztu aurretik, udaletxeko eskaileretan.