Casa Pepak 140 urte betetzen dituela eta,
urteurrena herritarrekin batera ospatzea erabaki du Lucia Larrinagak. Maria Encarnacion Gomez herenamonak ireki zuen denda
1876 urtean eta belaunaldiz belaunaldi iritsi da beregana. Urte guzti horietako kontakizunak eta gordetako oroigarriak, –aspaldiko argazki eta ordainketa agiriak, besteak beste–, partekatuko dituzte herritarrekin, bihar arratsaldean [ekainak 18].
Casa Pepa denda dagoen eraikina urteurreneko apaingarriagaz.
17:00etan hasiko da Casa Peparen jaialdia
Juanjo eta Maddi Txurruka aita alaben tronpeta kontzertuagaz. Ondoren, 18:00ak aldera,
otordua eskainiko du Lucia Larrinagak eta
Itzalak taldearen kontzertuagaz amaituko dute ospakizuna. Ekintzailea Jaialdi guztia Casa Peparen aurrean dagoen plazatxoan izango dela jakitera eman du antolatzaileak, eta zer edo zer hartzeko txosna bat ere prestatuko duela aurreratu du.
Kantabriatik Euskal Herrira
Maria Encarnacion Gomez, bere arbasoa, emakume ekintzailea izan zen. Kantabriako (España) Valles Pasiegos eskualdetik abiatuta, herriz herri ibili zen kinkila saltzen Markinan geratzea erabaki zuenera arte. Denda alokatu egin zuten hasieran, eta 1890. urtean erosteko aukera izan zuen. Familiak, Lekeition eta Urberuagako bainuetxean ere dendak alokatzen zituztela ere jakin dute.
Bere amaren partetik ailegatu zaio denda Lucia Larrinagari. Pilotari batekin ezkondu eta AEBra joan zen lehenengo ama, eta gero Madrilen ere bizi izan ziren. Markinara bueltan dendaren kargua hartu zuen berriz amak, bere osaba-izekoen eskutik. Lucia Larrinagak, honez gero, 30 urte bete ditu dendan.