Unanue eta Gaudeamus koralek kontzertu olinpikoa eskainiko dute
Ondarroako Unanue kamara koralak eta Gernika-Lumoko Gaudeamusek Kontzertu Olinpikoa eskainiko dute bihar [ekainak 18], 21:00etan, Ondarroako Zaldupe eskola publikoaren jolastokian. Sarrera doakoa izango da.
Uztailean Errusiako Sochin hirian ospatuko dira Munduko Koru Olinpiadak. Eta han izango dira Ondarroako eta Gernika-Lumoko koraletako abeslariak.
Julia Foruriaren zuzendaritzapean, bi taldeetako 58 abeslarik osatuko dute olinpiadetan parte hartuko duen taldea.
Bihar, hain zuzen ere, olinpiadetan aurkeztuko dituzten folklorea, polifonia eta folklore eszenikoa modalitateetako hamabi kantuak eskainiko dituzte Ondarroan.
Abestu eta dantzatu. Gainera, folklore eszenikoan, letra daukaten zazpi euskal dantza interpretatuko dituzte abeslariek. Eta kantatzeaz gain, dantzatu ere egingo dutela aurreratu dute.
Osagarri horiekin beraz, ikuskizuna «ikus entzunezko kontzertu olinpiko aparta» izango dela aurreratu dute. Eta herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu nahi izan diete.