Hamar urteren ostean, Aurrerako zuzendaritza batzordeak aldaketak edukiko ditu. Orain arte indarrean egon den zuzendaritza batzordeak 2006an hartu zuen kirol elkartea zuzentzeko ardura, eta urte bi kudeaketa batzorde modura lanean aritu ostean, zuzendaritzan egin dituzte azken zortzirak.
Klubak bazkideen ohiko asanblada orokorra egin zuen barikuan [ekainak 17] , eta orduan eman zuten erabakiaren berri. Eladino Gonzalezek presidente karguari eutsiko dio, baina berarekin batera lanean ibili diren Imanol Osak, Mikel Santisok eta Pako Burgoak ez dute zuzendaritza batzordean jarraituko. “Urte asko eta gero, nekatuta daude eta kargua utzi dute. Hala ere, taldeari laguntzen jarraituko dute. Nire eskerrik beroenak eman nahiko nieke egin duten lan guztiagatik, bihotzez eskerrak hiruroi. Egin duten guztia klubaren onerako izan da”.
Aurrerako zuzendaritza batzordearen batzarra. Argazkia: Aurrera
Eladino Gonzalezek, era berean, berarekin batera batzordekide izango den lehen kidea aurkeztu zuen. Hala, lehen kidea Iñigo Irizar izango da, eta presidenteak nabarmendu duenez, batzordekide berriak aukeratzeko prozesuak zabalik jarraitzen du. “Jende gehiago behar dugu, eta horiekin batera, zuzendaritza batzordeari lagunduko dioten laguntzaileak ere bai”.
Harrobiko taldeen kirol zuzendari berria
Batzarrean aipatu ziren berritasunen artean, gainera, harrobiko taldeen kirol zuzendari berria ere aurkeztu zuten. Hala, gazte mailako beherako taldeen ardura Mikel Aramaio Aristondok izango duela aipatu zuen Gonzalezek. “Gure asmoa taldeko umeek gehiago ikasten jarraitzea da. Zuzendaritza batzorde honen filosofia orain artekoaren beretsua izango da: harrobiaren etorkizuna eraikitzen jarraitzea”.
Horregaz lotuta, gaur [ekainak 20], 2008an jaiotakoen entrenamenduak egin dira.