Udako denboraldiaren hasierarekin batera, Mutrikuko hondartzan eta Saturrararen udako zerbitzuak jarri dira martxan.
Besteak beste,
irailaren 15era bitartean, Mutrikuko hondartzara eta Saturraranera autoz hurbiltzen direnek
TAO zerbitzua izango dute bertan. Ibilgailuaren zerga Mutrikun ordaintzen dutenek doan aparkatu ahal izango dute, baina horretarako, udalak bideratutako itsasgarria autoko kristalean itsatsia izan beharko dute. Hondartza inguruko eremuan aparkatzen duten kanpotarrek, ordea, ordaindu egin beharko dute.
Saturrarango TAO sistema
TAO zerbitzuarekin batera, denbora tarte horretan,
sorospen zerbitzua ere martxan egongo da, 11:00etatik 19:00etara, hondartzaren erabiltzaileek izan ditzaketen gorabeherak artatzeko. “Aurreko urteetan bezala, ordea, ez da zaintzarik izango Ondarbeltzeko hondartzan”.
Udalak gaineratu duenez,
hainbat konponketa egin dira Saturrarango hondartzan. Hala nola, hondartzako komunak konpondu dira. “Aurreko urtean bi edo hiru komun bakarrik egon ziren zabalik, eta aurten komunak konpondu ditugu. Guztira, sei komun eta bi pixatoki jarri dira”. Era berean, Saturrarango haur parkea ere aldatu egin dute, aurrekoa oso egoera txarrean zegoelako, eta kantinan ere berrikuntzak egin dituzte.
Bestalde, zazpi hondartzetara joateko barandak ere berritu egin dira eta dunak berreskuratzeko landaketak ere egin dira hondartzako eremu handi batean.
Mutrikuko herribusa. Argazkia: Mutrikuko Udala
Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, gainera, igerileku zaharrera jaisteko baranda berria ipini da eta arranpa egiten ari dira igerileku berrian, bainua hartzen dutenei sartzea errazteko.
Aldi berean, Mutrikuko hondartzara jaisteko eta handik herrira igotzeko
autobus zerbitzu berezia martxan izango da irailaren 15era arte. “Herri barruko urte osoko ordutegiaz gain, zerbitzu berezia egongo da biribilgunetik irten eta hondartzara jaisteko”.
Hondartzara joateko zerbitzu berezia astelehenetik domekara egongo da. Irteerak 12:30ean eta 13:30ean izango dira, eta hondartzatik herrira altzatzeko, berriz, 13:00etan eta 13:45ean irtengo du autobus txikiak hondartzatik. “Hondartzatik igotzean, autobusak auzoz auzo eramango du jendea. Uztailean eta abuztuan, aipatutako ordutegiez gain, gainerako beste joan-etorri bat ere egongo da; 14:00etan irtengo du biribilgunetik jaisteko autobusak, eta 14:30ean, berriz, herrira altzatzekoak”.
Txakurren inguruko udal ordenantza berria
Udalak jakitera eman duenez, bestalde, uda denboraldian guztiz debekatuta egongo da txakurrak hondartzetan, igerilekuetan eta igerileku ondoko arranpan sartzea. “Kexa mordoa eta sinadura bilketak ere jaso ditugu hondartzetan txakurrak sartzen ez usteko eskatuz. Horregatik, aurten udal ordenantza aldatu dugu. Era berean, txakurrak lotuta ibili beharko dira portu inguruan, eta baita dike berriaren inguruetan ere. Txakurrak, beti ere lotuta eraman beharko dira, kakak jasoz eta debekatuetako eremuetara sartu gabe”.
Mutrikuko autobus zerbitzuaren ordutegia