Uztailaren 6tik 13ra egingo da Lekeitioko 27. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Eta egitaraua gaur [ekainak 21] aurkeztu dute, Bilbon. Horrez gain, aurten, jaialdia aldaketa askorekin datorrela agertu dute antolatzaileek. Izan ere, aurten, irudi berria estreinatzeaz gain, izena ere berria da: Kaleka.
“Kale antzerkiarekin lotura sendoa mantenduz, Kalekaren filosofiak esku-hartze akzioak proposatzen dituzten lanak sustatzen ditu; arte eszenikoak biltzen baditu ere, ez da horietara mugatzen”, azaldu dute.
Aurten, gainera, Kalekak tokiko ekimen kulturalak biltzen dituelako, programazioa “indartuta” datorrela diote. Eta horren erakusle dira
elkarlanean ari diren eragile eta taldeak: Euskal Zine Bilera, Arropaineko Arragua, Lekittoko Deabruak, San Pedro Arrantzaleen Kofradia,
HITZA, Erabil, Traola, Kiñuka, eta Lekeitioko Elkarte Errekreatiboa.

Kaleka jaialdiaren irudia eta programa. Argazkia: Lekeitioko Udala.
Konpainia ezberdinak. Jaialdian parte hartuko duten konpainiak eta artistak Kataluniatik, Balearretatik, Murtziatik, Andaluziatik, Gaztela eta Leondik, Madriletik, Singapurretik, Berlinetik eta Txiletik datoz. Oro har, jaialdiak
antzerki saioak, clown tailerrak, zine proiekzioak eta beste hainbat eta hainbat ekintza bilduko ditu.
Aurtengo jaialdia iazkoaren ostean hasitako gogoeta espazio batek markatuta datorrela diote
Ibilbidea. Jaialdia 1989an sortu zen eta Euskal Herriko kaleko arteen eremuan aitzindaria izan da. Hasieratik, jaialdiak ondoko helburuak eduki ditu: tokiko sorkuntza bultzatzea, beste lurraldeekin harremanak sustatzea eta bost kontinenteetako konpainiak jaialdira gonbidatuz beste herrialdeekin loturak irekitzea.
Lehentasun horiek alboratu barik, aurtengo jaialdia iazkoaren ostean hasitako gogoeta espazio batek markatuta datorrela diote. “Garai berri hau, garatzen dagoen egoera kultural baterantz doan garai lez hartu genezake. Horregatik, esan dezakegu Lekeitioko Udalak apustua egiten duela egokitzapen prozesu malgu baten bidez udalerrian kultur ekintza garrantzitsuenetarikoa den kale antzerki jaialdian”.
[EGITARAUA]

27. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren aurkezpena, Bilbon. Argazkia: Lekeitioko Udala.