Lea-Artibaiko talde bi alegatu dira estreinako Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketako finalera. Hala, Markina-Xemein eta Munitibar neurtuko dira zapatuan, 10:30ean Arrigorriagan jokatuko den azken partidan.
Zornotzari 2 eta 1 irabazita, finalerako pasea eskuratu du Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Markina-Xemeinen lortutako emaitza errepikatuta egin dute aurrera, gainera.

Markinako nagusien mailako pilotarien partida.
Agirreamalloa eta Malatsetxebarriak 22 eta 11 irabazi zuten kadeteen mailako partida, eta nahiz eta Bereikuak eta Ibarlozak gazte mailan 22 eta 21 galdu, emaitza hori nahikoa zuten aurrera egiteko. Beraz, Albizu eta Arrasatek lasai jokatu zuten nagusien mailako partida. Erraz irabazi zuten, 22 eta 5.
Final parekatua
Joaneko partidan Lemoako taldeari 3 eta 0 irabazita, erabakita zegoen Munitibar finalean egongo zela, beraz, asteburu honetakoa, gorabeherarik gabeko norgehiagoka izan dute.
Bizkaiko Herriarteko lehen finala izango da Munitibarko taldearentzat. Markina-Xemein, aldiz, Bizkaiko Herriarteko txapelduna izan zen iaz. Hala ere, talde biak finalean pareko ibiliko direla aurreikusi daiteke. Beraz, partida gogorra izango da zapatukoa eta lehia bizia espero da. Jokatuko diren hiru mailetako partidetatik bakar bat ere ez dago argi. Txapelak herri batera zein bestera joan daitezke.