Lekeitioko
LABen Herri Biltzarrak antolatuta
PNV – Euskal Burgesia, txanpon berdinaren bi aldeak hitzaldia egongo da bihar [ekainak 23]
19:00etan Eskolapeko Kutxabank aurrean. Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak bere ibilbide eta ikerketetan aurkitutakoak azalduko ditu.
Zelaietak alderdi politiko, erakunde publiko eta enpresarien arteko
ustelkeria gaiak ikertu ditu, eta biharko hitzaldian EAJ, euskal instituzioak eta enpresarien artean aurkitu dituen loturez jardungo duela aurreratu dute antolatzaileek, horretarako hainbat adibide erabiliko dituelarik.

Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetaria. Argazkia: arrosasarea
“Modu honetan, ustelkeria salatzetik harago, hitzaldi honen bidez
EAJ eta euskal burgesiaren zuzeneko harremanez jardun nahi dugu. Alde batetik, euskal burgesia eta bere ordezkari diren patronalek euskal langileriaren esplotazioan ardura berezia dutelako. Bestetik, LABen helburu nagusienetako bat Euskal Herriaren independentzia izanik, burgesiaren sektore handienetako bat delako aukera hau ukatzen duena”, azaldu dute.
Erronka, hamarkada luzeetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernuan agintean egon den EAJ “biluztea” dela nabarmendu dute. “Izan ere, ustelkeriaz hitz egitean beti Madril, Espainia edo PPra seinalatzen badute ere, geriza handi eta iluneko ibilbidea daukate”.
Horregatik, “EAJ eta euskal burgesia
txanpon berberaren bi aurpegiak direla ulerturik”, Euskal Herriaren zein langile klasearen askapenerako, EAJ biluztea ezinbestekoa zaiela azaldu dute, “informazioaren hedapen, borroka politiko zein mobilizazio sozialaren bidez
euskal kastari boterea lehiatzeko”.