Roal CB Berriatuko Cikautxoren azpikontratatutako enpresa da. Eta aste batzuk atzerako, euren lan baldintzak ez zirela duinak jakitera eman zuten. Orain, “borroka eginez”, Kimiketako estatu mailako hitzarmena ezartzea lortu dutela jakitera eman dute langileek. “Borrokaldiaren ondoren emaitza onak lortu ditugu. Aldaketa posible da”, azaldu du Lurdes Salegi Roal CBko langileen LABeko ordezkaria.
Orain arte 800 euroko soldata kobratzen zuten, eta orain, hitzarmenari esker, aparteko pagak barne,
1.300 euroko soldata gordina kobratuko dute (1.100 euro garbi). Langileen esanetan, enpresarekin akordio batera iritsi eta gero lortu dute hitzarmena ezartzea.

Lurdes Salegi Roaleko langilea eta Alexis Rodriguez LABeko Kimikako eskualdeko ordezkaria.
Aldi berean, eurek eduki duten esperientzia kontuan hartuta, beste azpikontratetako langileei ere borrokatzeko deia egin diete Roaleko langileek. “Eskualdeko beste hainbat langileak gutxieneko lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena lortzeko borrokatzera animatu nahi ditugu. Batez ere, Azken Ikutuko, Lagunonbi eta Aurrezeko langileei esan nahi diegu Roaleko langileok prest gaudela euren borrokan laguntzeko. Beldurrik ez edukitzeko eta aurrera egiteko”.
Halaber,
langileek euren burua zoriondu nahi izan dute. “Borroka baten ondorioz eskatzen genuena lortu dugulako”. Eta LAB sindikatuko ordezkariek ere Roaleko langileria zoriondu nahi izan dute. “Langileoi zorionak enpresari haginak erakusteagatik eta prekarietateari zaplazteko ederra eman diozuleako. Eta eskerrik asko! Izan ere, sarri ahaztu egiten zaigu eta zuek berriro erakutsi diguzue borroka ezinbestekoa dela, eta gainera, balio duela”. Halaber, langileen arteko batasunak borrokarako indarra eman duela gaineratu dute.
Salegigaz batera egon dira
Alexis Rodriguez LABeko eskualdeko Kimiketako arduraduna eta
Roal CBko langile batzuk.