Ager Solabarrieta, Espainiako Tiro Olinpikoko finalera bidean
Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola Akarregi bere laguntzaileak domekan [ekainak 26] hasiko dute denboraldi berria. Solabarrietak, hain zuzen ere, Santanderren (Kantabria) jokatuko den Espainiako Tiro Olinpikoko finalean parte hartzeko puntuagarria izango den proban parte hartuko du, 60 tiro zutikako kategorian.
Kirol egokituan aritzen den ondarrutarrak gaineratu duenez, etzandako kategorian parte hartzeko asmoa ere badu. “Europa mailan zutikako kategoriaz gain, etzandakoan ere aritzen dira, eta txapelketako arduradunak kategoria hori ezarri edo ez aztertzen ari dira. Horrela baldin bada, etzandakoan ere parte hartuko dut”.
Denboraldiko lehen probari dagokionez, oso gogotsu dagoela eta aitortu du, eta bere helburu nagusia Espainiako txapelketako finalean parte hartzea dela nabarmendu du Espainiako txapeldun ohiak. “Entrenamenduetan nahikoa gustura geratu naiz, eta aurten, karabinarekin hobeto aritzea espero dut. Domekako probari begira, gutxienez, 570 puntu lortu nahi ditut”.