Lauzirika Lea-Artibai Euskarariko kidea da, eta Lea-Artibai euskararen arnasgune eremua dela kontuan hartuta, horrek daukan garrantzia azaleratzeko tailerrak egingo ditu Lea-ArtiBAI Euskararik aurten, udatik negura bitartean. Uda sasoian pare bat tailer egingo ditzute eta dozena bat inguru udazkenean.
Zertan datza Arnasgune tailerrak ekintza? Zer lortu nahi da?
Tailerraren helburuak honako hauek dira: alde batetik, Arnasgune kontzeptua barneratzea. Hau da, Arnasgunea zer den eta non bizi garen konturatzea. Bestetik, norbanakoaren eta kolektiboaren arteko oreka zein den ezagutzea; eta hizkuntza politikaren babesa ezinbestekoa zaigula erakustea.
Zeintzuk parte hartuko dute?
Lea-ArtiBAI Euskarariko kideok kontzientziazio tailerrak ematen hasi ginen iaz, baina beharrezkoa iruditu zitzaigun eskualdeko euskalgintzako eragile guztiak bat egindako tailerra sortzea. Beraz, Hitza, Uema, AEK eta Lea-ArtiBAI Euskarari dira tailerren sortzaileak. Eragile bakoitzak emateko/erakusteko daukana abiapuntu hartuta sortu dugu.
June Lauzirika
Non egingo dira tailerrak eta zelako formatua edukiko dute?
Tailerrak eskualdeko herrietan egingo dira. Jendarteko sektore desberdinetako jendearekin batu ginen iaz, hala nola, gazteekin, erretiratuekin, AEK-ko ikasleekin, enpresetako langileekin, eta abar. Eta asmoa da berriro ere horiekin batzea. Horrez gain, herri txikietan, sektore desberdinetako jendeagaz osatutako taldetxoekin ere elkartu ginen, eta horri ere jarraipena eman nahi diogu. Ordu eta erdi inguruko saioak izango dira, oso dinamikoak, eman eta hartzekoak. Arnasgunea zer den azaldu eta Lea-Artibaiko datuen berri emango dugu. Euslearen garrantziaz jabetzeko ere balioko du, eta horretarako, Hitzaren eta AEKren bideo batzuk erabiliko ditugu. Herritarren testigantza batzuk ikusi eta entzuteko aukera ere egongo da, bai eta hizkuntza ekologiarekin zerikusia duen karta joko bat ere. Formatua ez da beti berdina izango, hartzaileen arabera moldatzen ahaleginduko gara.
Orokorrean, zein da euskararen egoera Lea-Artibain?
Euskal Herriko beste eskualde batzuekin alderatuta, Lea-Artibaiko euskararen egoera ona da, baina azken urteetan, euskararen erabileran beherakada nabarmena igarri da. Azken urteetan, herririk euskaldunenak gero eta erdaldunagoak dira, herririk erdaldunenak, ostera, gero eta euskaldunagoak. Orain arte euskara gutxi entzuten zen lekuetan erabilerak gora egin du, gurea bezalako tokietan, ordea, behera. Horregatik, Lea-Artibai euskararen arnasgune bada ere, oraindik badago zer egina, izan ere, eskualdeko jenderik gehienak euskaraz dakien arren, batzutan (gero eta gehiago), gaztelaniara salto egiteko joera dago.
Elkarteek, eragileek edota herritarrek ze ekarpen egin ahal dute?
Elkarteek, eragileek edota herritarrek egin dezaketen ekarpenik onena da tailerretan parte hartzera animatzea. Tailerretan parte hartu nahi duen oro ongietorria izango da, eta ezinbestekoak zaizkigu eskualdeko jendearen iritziak, bizipenak eta balorazioak ezagutzea. Eskualdeko guztiok gara arnasgune honetako parte, eta Lea-Artibai arnasgune izaten jarraitzea nahi badugu guztiona da erantzukizuna.