Markina-Xemein eta Munitibarreko esku pilota taldeak nor baino nor gehiago aritu ziren joan den barikuan Arrigorriagan jokatu zen Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketako finalean. Azkenean, txapelak Markina-Xemeinek eraman zituen.
Agirreamalloa eta Malaxetxebarriak irabazi zuten kadeteen mailako lehia, baina, garaipena ez zuten erraz eduki. Markina-Xemeingo bikotea aurretik jarri zen hasieratik, hala ere, aurkari gogorrak izan zituzten
Okamika eta Anitua eta amaierara arte ezin izan zuten markagailuan ihes egin.
Bikoteak tanto batera edo bira ere egon ziren, baina, Markina-Xemeingo bikoteak egindako joko onak 22 eta 13 irabaztera eraman zituen.
Istripua
Pilotakada batek eman zion amaiera gazte mailako partidari. Markina-Xemeingo eta Munitibarko bikoteak 15 eta 16 zihoazela pilotakada jaso zuen
Ibarlozak. Masailalbo-hezurrean kolpe handia hartu zuen Markina-Xemeingo pilotariak eta partida bertan behera utzi behar izan zuen. Horrela, puntua Munitibarko taldearentzat izan zen.
Markina-Xemeingo taldea Bizkaiko Herriarteko esku pilota txapelketa irabazita. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea
Nagusiek jarraitu zuten norgehiagoka. Markina-Xemeingo
Albizu eta Urizar eta Munitibarko
Uriona eta Ansotegi atera ziren kantxara txapelketa erabakitzeko. Markina-Xemeingo bikotea hasi zen irabazten, baina Munitibarkoak heldu ziren 15. tantora aurretik. Orduan, sakea hartu zuten Markina-Xemeingo taldeko pilotariek eta zuzenean joan ziren 22. tantoraino.
Probintzien arteko norgehiagoka
Bizkaiko Herriartekoa amaituta,
Nafarroa,
Gipuzkoa eta
Arabako irabazleekin neurtuko da orain, Markina-Xemeingo taldea. Zozketa bidez erabakiko da zeinek zeinen kontra jokatuko duen, eta etxean eta kanpoan finalaurrekoak jokatuta, uztailaren azken aurreko asteburuan edukiko dute finala.