Gernika Jai Alairi irabazita, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskola da
Bizkaiko Herriarteko Txapelduna. Hiru mailatako
hiru partidak irabazi zituzten Markina-Xemeingo taldeko pilotariek, joko bikaina erakutsita.
Kepa Gandiaga eta
Gorka Libano erraz ibili ziren lehen partidan. 11 eta 12 tantoko aldea aterata jarri ziren Aritz eta Ibon gernikarren aurretik. Ezberdintasun horrek partida lasaiago hartzera eraman zituen Markina-Xemeingoak. Gernikarrak, aldiz, amaierara arte borrokatu zuten, eta azkenean 30 eta 22ko aldeagaz irabazi zuen Markina-Xemeingo bikoteak.

Markina-Xemeingo Zesta-Punta taldeko pilotariak Santi Olabe entrenatzaileagaz txapelketa irabazi ondoren. Argazkia: Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskola
Pareko ibili ziren partida hasieran Markina-Xemeingo Gotzon eta Danel eta Gernika Jai Alaiko Urko eta Gorka. Baina jokoak aurrera egin ahala jokoa kendu zion
Danel Mandiolak Gernikako aurrelariari eta errematatzeari ekin zion
Gotzon Mandiolak. Era horretara, aurrea hartzea lortu zuen Markina-Xemeingo bikoteak eta 35 eta 25 tantotan utzi zuten markagailua.
Bi partida irabazita, garaipena Markina-Xemeinera zihoala ziur bazegoen ere, hirugarren eta azken partida irabaztera atera ziren Markina-Xemeingo
Jon Meabebasterretxea eta
Jon Ibarluzea. Gernikako Xabi eta Urtubiri ez zieten aukera gehiegirik utzi. Jon Meabebasterretxeak partida ikaragarria eskaini zuen, eta erraz lortu zuten garaipena. 35 eta 15 irabazi zuen Markina-Xemeingo bikoteak.