Emozioz beteriko zapatua
19. Zapato Azulak milaka lagun bildu ditu Ondarroan. Kresala kultur elkartea izan da aurtengo omendua. Dinamartxa igerian, mendiz eta bizikletaz egin dute 200 lagun baino gehiagokAzule, jendetsua, girotsua eta emozioz betetakoa. Horrelakoxea da Ondarro...
19. Zapato Azulak milaka lagun bildu ditu Ondarroan. Kresala kultur elkartea izan da aurtengo omendua. Dinamartxa igerian, mendiz eta bizikletaz egin dute 200 lagun baino gehiagok
Azule, jendetsua, girotsua eta emozioz betetakoa. Horrelakoxea da Ondarroako Radixu Irratiak antolatzen duen Zapato Azule jaia. Aurtengoa hemeretzigarrena izan da, eta beste behin ere, jaiak herri osoa zipriztindu du. Dinamartxa igerian, bizikletaz eta mendiz mendi egin dutenekin batera, Kresala kultur elkartea, Artelango erraldoiak eta herritarrak izan dira protagonistak.Iragarri moduan, eta hutsik egin barik, zapatu eguerdian hasi zen jaia Ondarroan, Manuel Eluren bolanderekin. Eta minutuek aurrera egin ahala, alde zaharrean gero eta jende gehiago joan zen batzen; bi ordutan, jaiak milaka lagun bildu zituen alde zaharrean.
Bien bitartean, Artibai ibaiaren beste aldean, Kamiseta Azoka zegoen. Horretan hemeretzi saltoki zeuden (ondarrutarrak bost) eta han ere jendea zebilen; salmentak nahikoa ondo joan zirela esan dute azokan zeudenek.
Txistulariak izan ziren alde zaharretik pasatzen lehenak, eta ostean, elektrotxarangako kideek berotu zuten giroa.
Jarraian, euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zen, Kalekutzean. Eta hori amaituta, Kresalako banda eta Artelango erraldoiak ailegatu ziren alde zaharrera. Eta kantuek eta dantzek hartu zuten indarra Dinamartxa heldu bitartean.
Dinamartxaren etorrera
Dinamartxa mendiz mendi eta bizikletaz egin zutenak 14:15 inguruan ailegatu ziren alde zaharrera. Baina aurretik, 12:30ak inguruan, martxa igerian egin zutenak ailegatu ziren Ondarroako Arrigorri hondartzara.
Zehatz esateko, igerilariek Mutrikuko Burumendi hondartzatik Ondarroako Arrigorrira arte egin zuten igeri (4 kilometro). Horiek 25 lagun inguru izan ziren.
Dinamartxa mendiz mendi egin zutenak, ostera, 56 izan ziren. Baina bi parte hartzailek martxa bertan behera utzi zutela jakitera eman zuten antolatzaileek; ezer larririk gertatu ez bazen ere, parte hartzaile horiek Deban utzi zuten martxa.
Bizikletaz 197 herritarrek egin zuten martxa.
Pregoia eta omendua
Behin Dinamartxari ongietorria egin eta gero, alde zaharra herritarrek osatutako itsaso azulak estali zuen berriro ere, eta Nekane Akarregik pregoia irakurri zuen.
Pregoiak askotariko gaiak jorratu zituen, beste behin ere: 19. Zapato Azuleko karteleko gamelu arrosa, Arranondo kultur elkartearen urteurrena eta San Inazio kaleko bizilagunen egoera, besteak beste. Azken horiek, gainera, bizi duten egoera larria bistaratzeko zapi gorriak atera zituzten; herritar askok soinean eduki zituzten zapiak.
Pregoiaren amaieran jakin zen aurtengo omendua zein zen: Kresala kultur elkartea. Elkarteak aurten 50 urte betetzen dituelako jaso zuen omenaldia. Andoni Urkiza eta Iraitz Urkiza izan ziren Alaiko balkoira igo eta herritarren txalo zaparrada jaso zutenak.
Saridunak, pozik
Ostean, Kamiseta Azokako eta erakusleiho oneneran sariak banatu zituzten.
Eraskuleihoaren saria Klik Klak argazki dendako Yolanda Eizagirrek jaso zuen, pozez. Saria Andoni Urkizaren eskutik jaso zuen.
Omenduen ardura izan da baita ere 19. Kamiseta Azokako sariak banatzea. Euskal Herriko Kamiseta Onenaren Saria Elorriko Borobil tailerreko arT-shirt-ek jaso zuen. Ondarroako Kamiseta Onenaren Saria, ostera, Danak etxea taldearentzat izan zen.
Eta egitarauari jarraituz, domeka baltza ailegatu bitartean, jaiak Ondarroa osoa kolorez janzten jarraitu zuen.