Aragoiko (Espainia) Guara mendilerrora irteera bateratua egingo dute
uztailaren 8tik 10era bitartean Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek.
Uztailaren 8an irtengo dute Aragoi aldera, eta autobusak honako orduetan hartu ahal izango dira: 17:30ean Markina-Xemeinen, 17:45ean Ondarroan eta 17:50ean Mutrikun. Lea-Artibai eta Mutrikukoak batu ondoren, Debako mendi taldeko kideekin batu, eta Alquezar (Huesca, Espainia) aldera abiatuko dira. Bertako aterpean igaroko dituzte bariku [uztailak 8] eta zapatu [uztailak 9] gauak, eta mendi taldeetako arduradunek adierazi dutenez,
izara eta lotarako zakua eramatea komenigarriak dira.
Guara mendilerroaren ikuspegi bat. Argazkia: Abel Muñoz
Uztailaren 9an eta 10ean, berriz, mendi irteera bana egingo dute inguruko mendietan. Uztailaren 9an, esaterako, 23 kilometroko mendi ibilaldia egingo dute; Tozal de Guara (2.076 metro) mendira igoko dira Santa Cilia de Panzanotik zehar. Uztailaren 10ean, aldiz, Alquezar eta Vero erreka inguruetan 12,5 kilometroko ibilaldia egingo dute. “Errekan nahi duenak bainua hartzeko aukera izango du”.
Burumendi,
Aurrera,
Lumentza eta
Artibai mendigoizale elkarteko kideek iragarri dutenez, irteerara joateko interesa dutenek ekainaren 30a aurretik eman beharko dute izena, ohiko lekuetan.