Mutrikuko Danok Bateko puntistek Gipuzkoako herriarteko finala jokatuko dute
Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko puntistek Gipuzkoako herriarteko finala jokatuko dute Zumaiako taldearen aurka. Finala zapatuan [uztailak 2] jokatuko da, 18:00etan, Zumaiako frontoi berrian.
Finalari dagokionez, hiru mailatan banatuta jokatuko da; kadete, gazte eta nagusi mailan, hain zuzen. Hala, txapela lortzeko, gutxienez, hirutik bi final irabazi beharko dituzte finalistek. “Gure asmoa txapela Mutrikura ekartzea da, baina Zumaiak oso bikote lehiakorrak ditu, eta haiei irabaztea ez da batere erraza izango. Kadete mailako finala irabaziz gero, txapela janzteko aukera asko izan ditzakegu”.
Partidei dagokienez, kadete mailako finala 30 tantora jokatuko dute, eta gazte eta nagusi mailakoak, berriz, 35 tantora. Danok Batetik titulua lortzeko ahaleginetan honakoak ariko dira: Zuhaitz Arrillaga eta Jon Iparragirre (kadete maila), Ekaitz Mendizabal Goxerri eta Mikel Manzisidor (gazte maila) eta Jon Mendizabal Goxerri eta Aitor Andonegi (nagusi maila).