Egunotan, turrun bakarra entzun ahal izan da Ondarroan. Uste baino arinago, baxurako ontziek urteko lehen hegaluze aleak deskargatu dituzte Egidazu Kaian. Lehen aleak aurreko barikuan [ekainak 24] porturatu zituzten, iazko egun berean. 3.542 kilo lehorreratu zituen ontzi bakar batek, eta kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, nahikoa prezio onean saldu zen bentan; bataz beste,
5,6 euroan saldu zen kiloa.
Asteon, askorik izan ez bada ere, ontziek Bilbo eta Santander (Kantabria) artean harrapatutako hegaluzea deskargatu dute Ondarroako portuan. Astelehenean [ekainak 27] eta martitzenean [ekainak 28]
10.000 kilo baino gehiago lehorreratu zituen Hondarribiako
Horizonte abierto ontziak.
Hegaluzeak Ondarroako kofradian, iaz
Astelehenean, esaterako, 7.064 kilo porturatu zituen; hortik 2.000 kilo pasatxo tamaina handikoa (7 kilotik aurrerakoa) izan zen eta gainerakoa, tamaina ertainekoa (4-7 kilokoa). Kiloa, bataz beste,
5,6 euroan saldu bazen ere, tamaina handikoa kotizatu zen hobeto; kiloa, 6,30 euro inguruan.
Martitzenean, ostera, beste 3.152 kilo lehorreratu zituen
Horizonte abierto ontziak. Hortik 1.000 kilo pasatxo tamaina handikoa izan zen, eta 2.000 kilo inguru tamaina ertainekoa. Bentan, bataz beste,
4,98 euroan saldu zen kiloa.
Bestalde, atzo [ekainak 29] eta gaur [ekainak 30], ez da turrun bakarrik entzun Ondarroan. Egunotan, kostako arrain apurra saldu da: txitxarroa, betandia, haginzorrotzak…