Basurama kolektiboaren
Zaborra puztu proiektuagaz hasiko da aurten,
Kaleka, 27. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Plastikozko eraikuntza bat sortuko dute proiektuan parte hartu nahi duten adin guztietako laguntzaileekin batera. Izan ere, filosofia horregaz dator jaialdia: kale antzerkiarekin lotura sendoa mantenduz, artisten lanekin harremana sortu eta sorkuntza eremu ezberdinetako kolektiboek espazio publikoetan esku-hartze akzioak proposatzen dituzten lanak sustatzea.
Kale ikuskizunekin gozatzeagaz gain,
artistekin lan egiteko aukera ere edukiko dute, beraz, herritarrek, egitasmo eta tailer ezberdinetan parte hartuta. Basuramaren burbuia erraldoia sortzen laguntzeko, esate baterako, plastikozko poltsak eraman behar dira, aldez aurretik, kultur etxera. Hori izango da gero, uztailaren 6an eta 7an eraikiko den burbuila sortzeko materiala.
«Nahi duten guztiek, ume zein nagusi parte hartu dezakete eraikuntzan, baina izena eman behar da aurretik lantaldeak osatzen joateko», azaldu dute antolatzaileek.
Kultur etxean bertan edo internet bidez eman daiteke izena Kalekaren web orrian sartuta.
Basurama kolektiboaren Zaborra Puztu proiektua. Argazkia: Basurama
Uztailaren 6an eta 7an plastikoak batuz sortuko den burbuila erraldoia,
uztailaren 10ean puztuko dute etxeko bi haizegailugaz. «Parte hartzaileak sorkuntza fase guztiak ezagutu ahalko dituzte. Eraikuntza Barandiaran aretoan hasiko da eta plazara aterako dute gero. Burbuila Uribarren parkean puztuko dute».
Hamasei ikuskizun
Basurama kolektiboaren esku hartzeagaz gainera, 2016ko egitarauak era askotako aukerak gehitzen ditu. Clown ikuskizunei buruzko haztapenak eskainiko ditu
Murmuyok,
Maiya Murphy artista, irakasle eta ikertzaileak mendebaldeko antzerkiaren profesionalen praktika eta ondare intelektuala miatuko du eta embodyment-aren ideia aztertuko du
Thomas Prattki Lispa eskolako sortzaile eta zuzendariak bi eguneko tailerrean.
Ikuskizunei dagokienez,
hamasei aukera dakartza 2016ko jaialdiak: Zurrunka, Bigolis Teatre, Deabru Beltzak eta Hortzmugaren proposamen ibiltariak, Toc de Fustaren instalazio interaktiboa, 13 dias, Ganso and Cia, Lapso Produkzioak, Trocola Circo, Colapse, Circ Bover, Jean Phillipe Kikolas eta Murmuyoren antzezpenak bai eta Euskal Zine Bileran azken lau urteetan saritutako lanen aukeraketaren emanaldia ere.
[EGITARAUA]