Lehen hegaluzeak deskargatu dituzte, Ondarroan eta Bermeon
Egunotan denboraldiko lehen hegaluze aleak deskargatu dituzte Ondarroako eta Bermeoko portuetan baxurako ontziek. Denboraldiko lehen arraina egun berean lehorreratu zuten bi portuetan: ekainaren 24an.Ondarroan, esaterako, espero baino arinago entzun z...
Ondarroan, esaterako, espero baino arinago entzun zen turrun bakarra, iazko egun berean, gainera. 3.542 kilo lehorreratu zituen ontzi bakar batek, eta kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, nahikoa prezio onean saldu ziren bentan lehen aldean; bataz beste, 5,6 euroan kiloa.
Asteon, ostera, askorik izan ez bada ere, Bilbo eta Santander (Kantabria) artean harrapatutako hegaluzea deskargatu dute Ondarroako Egidazu Kaian. Astelehenean eta martitzenean 10.000 kilo baino gehiago lehorreratu zituen Hondarribiako Horizonte abierto ontziak.
Handia, garestiena
Astelehenean, esaterako, 7.064 kilo porturatu zituen; hortik 2.000 kilo pasatxo tamaina handikoa (7 kilotik aurrerakoa) izan zen eta gainerakoa, tamaina ertainekoa (4-7 kilokoa). Kiloa, bataz beste, 5,6 euroan saldu bazen ere, tamaina handikoa kotizatu zen hobeto; kiloa, 6,30 euro inguruan.
Martitzenean, ostera, beste 3.152 kilo lehorreratu zituen Horizonte abierto ontziak. Hortik 1.000 kilo pasatxo tamaina handikoa izan zen, eta 2.000 kilo inguru tamaina ertainekoa. Bentan, bataz beste, 4,98 euroan saldu zen kiloa.
Bestalde, herenegun eta atzo, ez zen turrun bakarrik entzun Ondarroan. Azken bi egunetan, kostako arrain apurra saldu Kalare Deuna kofradiako bentan: txitxarroa, betandia, haginzorrotzak…
Herenegun, adibidez, 20.100 kilo estornino, 5.800 kilo txitxarro zuri, 4.200 kilo salbeue eta 1.200 kilo haginzorrotz lehorretatu zituzten. Martitzenean, ostera, hegaluzeaz gain, 7.500 kilo estornino, 2.800 kilo txitxarro zuri eta 2.200 kilo salbeue saldu zituzten.
Kopuruaren aldetik beste motako arrain askorik egon ez bada ere, nahikoa merke saldu da bentan; txitxarroa zuria eta haginzorrotza saldu dira garestien. Txitxarroa, esate baterako, 3,41 euroan saldu da kiloa, bataz beste, eta haginzorrotza, ostera, 4,45 euroan kiloa.