Amorotoko San Martin jaiak, jendetsuak eta girotsuak
Barikuan [uztailak 1] San Martin jaietako txupina bota zutenetik, ospakizunetan murgilduta daude amorotarrak. Euritan hasi ziren kontzertuak, baina gauak aurrera egin ahala, atertu, eta jendeak plaza bete zuen.
Txapelketekin hasi zen zapatuan [uztailak 2] jaieguna: mus eta briska txapelketa egin zituzten frontoian arratsaldean, eta herriko jendea ez eze, eskualdeko, Busturialdeko zein Durangaldeko kartazalerik ez zen falta izan. 25 bikote aritu ziren musean; eta 14 briskan. “Orain dela lau bat urte antolatu zen jaietan azkenengoz briska txapelketa, baina musekoa aspalditik ez da egin”, zioen txapelketak hasi aurretik antolatzaileetako batek. Eta ondo joan zen dena, giro ederrean, eta lehiakortasun handiz. Luze jo zuen irabazleak ezagutzeak ere. 20:30 aldera amaitu zuten jokoa.
Lehen lau sailkatuak. Aitor Bilbao eta Mikel Zabala gernikarrak izan ziren mus txapelketaren irabazleak; bigarren geratu ziren Izaskun Madarieta eta Jose Kortazar (Ea), hirugarren Jose Mari Zabala eta Xabat Bilbatua (Berriatua) eta laugarren Iñigo Agirre eta Josu Errasti (Ispaster-Aramaio).
Briskan lau bikote trebeenak hurrengoak izan ziren: Juanita Arriaga eta Mari Barruetabeñak (Amoroto) jantzi dute txapela; bigarrenak Mari Carmen Arrate eta Mari Tere Aulestiarte (Markina-Xemein) izan dira; hirugarrenak Carmen Gandiaga eta Jacinto Arriola (Amoroto-Ea) eta laugarren sailkatuak, berriz, Lutxi Alberdi eta Mari Sol Arruabarrena (Iurreta-Durango).
Herri kirol erakustaldiagaz eta Burrunba elektrotxaranga, Skasti eta Ingo al deu? taldeen erromeriagaz amaitu zuten zapatua Amoroton.
Martitzenera arte ez da ondo pasatzeko ekintzarik faltako.