Max-Kalamura (771 metro) doazen mendizaleek mahai berria aurkituko dute hemendik aurrera tontorrean,
Markina-Xemein, Etxebarria eta Elgoibar banatzen diren mugarriaren ondo-ondoan.
Artibai mendigoizale taldeko kideek, 70. urteurreneko ekimenen barruan, zapatuan [uztailak 2] inauguratu zuten inguruko mendiak identifikatzeko informazioa ematen duen mahaia.
Eguraldi txarra egin arren,
50 bat lagun elkartu ziren Max-Kalamuko tontorrean egindako inaugurazio ekitaldi xumean, tartean, inguruko herrietako ordezkariak eta mendigoizaleak. Batzuk, Ixuaraino autobusez joan ziren, eta bertatik oinez igo ziren, eta, beste batzuk, ostera, Markina-Xemeindik eta Etxebarritik oinez joan ziren, kuadrillan. “Mendi puntan ez zen luzaro egoteko girorik egon, eta hala, 10:30ean hasi genuen gure ekitaldi xume eta laburra”.

Max-Kalamuko orientazio mahaiaren inaugurazioa. Argazkia: Artibai Mendigoizale Taldea
Ekitaldiari dagokionez, lehenengo eta behin, estalita zegoen mahaia ezagutzera eman zuten, eta ostean, mahaiaren inguruko ideia nondik zetorren kontatu zuten. Besteak beste,
berau hasi eta amaitu arte zer prozesu egin zen kontatu zuten, eta baita mahaia Max-Kalamuan ipintzeko arrazoien berri ere. Ekitaldia zahatoko ardoagaz orientazio mahaia “bedeinkatzen” amaitu zuten. “Mahaia ardoagaz busti genuen, eta guk ere eztarriak bustitzeko aukera izan genuen. Eguraldi benetan txarra egin arren, pozik jaitsi ginen Etxebarrira, eta han, Ansotegi Hotelean kopautxo bat hartu ondoren, bide gorritik oinez Markina-Xemeinera bueltatu ginen”.
95 mendiren izenak
Markina-Xemeingo mendi tontorrik garaienean jarritako orientazio mahaian, hain zuzen ere,
95 mendiren izena, altuera eta bertatik dagoen distantzia agertzen dira. Bertan, besteak beste, inguruko mendi adierazgarrienak ez eze, urrutiago dauden beste hainbat mendi indentifikatzeko informazioa ere ematen du 80 zentimetro inguruko diametroa duen mahaiak.