Jon Barrenetxea nagusi, Busturiko kadeteen lasterketan
Basati Bike-Busturia TTko Eneko Meaurio izan da bigarrena; Lander Lartitegi taldekidea 1. urteko kadete txapeldun geratu da, eta mendiko saria eskuratu duJon Barrenetxeak irabazi du Busturiko Udala Saria Kadeteen Txirrindulari lasterketa. Gastronomia V...
Basati Bike-Busturia TTko Eneko Meaurio izan da bigarrena; Lander Lartitegi taldekidea 1. urteko kadete txapeldun geratu da, eta mendiko saria eskuratu du
Jon Barrenetxeak irabazi du Busturiko Udala Saria Kadeteen Txirrindulari lasterketa. Gastronomia Vascako txirrindulari gaztetxoa izan zen lehena herenegun, Axpe auzoko helmugan.Irabazleak Aitor Aretxaga Busturiko alkatearen eskutik jaso zuen saria. Eta alkateagaz batera, Idoia Etxebarria zinegotzia eta Ismael Bilbao Busturiko Txirrindulari Taldeko lehendakaria aritu ziren sariak banatzen.
Barrenetxearen atzetik sailkatu zen Basati Bike-Busturia Txirrindulari Taldeko Eneko Meaurio, eta Vicinay Cadenas taldeko Jon Calvo izan zen hirugarrena helmugan.
Etxeko taldeko Lander Lartitegik ere sari bikoitza eskuratu zuen. Izan ere, 1. urteko kadete txapelduna izan zen, eta mendiko saria ere berak lortu zuen.
Halaber, Barrenetxea lasterketaren irabazleak tarteko helmugako saria ere jaso zuen.
Beste alde batetik, taldeko saria Vicinay Cadenas taldeak eraman zuen.
Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako 83 txirrindularik lehiatu zuten Busturiko Udala Saria. Busturia eta Forua artean bi buelta emanda, 52,3 kilometroko lasteketa burutu zuten, eta jende asko bildu zen bide bazterretan txirrindulariak animatzeko. Etxeko txirrindulariek jaso zituzten animo oihu gehienak.
Antolatzaileen berbetan, lasterketa gogorra, baina ikusteko polita izan zen: «Jende asko batu da ibilbidean. Ez da egon istripurik, beraz, ondo atera da dena. Udalari eta babesle eta laguntzaile guztiei eskerrak eman gura dizkiegu».