Azpiegitura obrak egiteko eskualdeko 10 udalerri diruz lagunduko ditu aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak 7.500 biztanletik beherako udalerriei diru laguntzak ematearen dekretuaren ebazpena argitaratu berri du, eta bi milioi euro bideratu ditu guztira.
Bizkaian 7.500 biztanletik beherako 86 udalerri daude, eta horietatik 73 udalerrik jasoko dituzte azpiegitura obrak egiteko diru laguntzak.
1.200 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriek, gehienez 30.000 euro jasoko dituzte. Halaber, 1.200 eta 7.500 biztanle artean dituzten udalerriek, gehienez 100.000 euro jaso ditzakete.
Eskualdeko 8 udalerrik diru laguntza kopuru bera jasoko dute: 28.429,82 euro. Amorotoko udalak Odiaga auzoan Abarotik Abitxarako bideen konponketarako eskatu du diru laguntza. Aulestin ere zenbait auzo bide konpontzeko lagungarri izango da aldundiaren diru laguntza, eta Mendexan Agarreko bidea berzolatzeko.
Etxebarrian, berriz, bilkura aretoa egokitzeko jasoko dute laguntza. Gizaburuagako udalak antzerki eta proiekzioa gelaren lehen faserako eskatu du diru laguntza. Ispasterren kultur etxea eta liburutegia hartuko dituen eraikinerako izango da, eta Ziortza-Bolibarren ere liburutegia izango den eraikina eraberritzeko erabiliko dute dirua.
Munitibarko udalak frontoia eta probalekua birgaitzeko eskatu du diru laguntza.
Bestalde, Lekeitioko udalak kiroldegiko azpiegiturak birmoldatzeko obretarako eskatu du diru laguntza, eta aldundiak 33.295,87 euro ematea onartu du.
Era berean, Berriatuako udalak Ibarran gimnasio gela egokitzeko 6.451,95 euroko laguntza jasoko du.