LAB sindikatuak deituta
agerraldia egin dute gaur goizean [uztailak 6], Etxebarriko Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresa aurrean, bertako
langile ohi biren kontrako errepresioa gogorki salatzeko. Langileek egindako mobilizazio eta salaketeten aurrean, enpresako arduraduna zen Rafael Zabalak salaketa penalak jarri zituen langile batzuen kontra, eta euretako bi langileri eskaera penala eta kalte-ordainketa eskaera heldu zaie.
Bakoitzari
5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eskatzeagaz gainera,
9.000 euroko fidantza jarri behar izan dutela jakitera eman du LAB sindikatuak. “Enpresa itxi eta langileei zorrak utzi ondoren, langileak kartzelara bidali nahi ditu eta indemnizazio bat eskatzen die” salatu du LABek.

LAB sindikatuak deituta TMA aurrean egin den agerraldia.
Sindikatuak gaur eguneko legediak enpresariei ematen dien “inpunitatea” eta “langileen babes eza” gaitzetsi ditu. “Enpresariek edozer egitea libre duten bitartean, langileek beraien eskubideen defentsan borrokatzeagatik eta enpresarien irregulartasunak kontrolatu nahi izateagatik epaituak eta kartzelaratuak izan daitezke”.
Urruntze neurria
2013ko apirilean hartu zuen Rafael Zabala Fernandezek Etxebarrian zegoen TMA enpresako boterea. 2013ko urte amaieran, 8 hileko greba baten ondoren, enpresa itxi eta beharginak kalera bota zituzten milaka euroko zorragaz.
“Hori guzti hori gutxi balitz, Zabalak salaketa penalak jarri zituen hainbat langileren kontra, legalki komunikatutako manifestazio eta elkarretaratzeetan lan gatazka kalera ateratzeagatik”. Haratago joanda, bi langileren kontra kautelazko urruntze neurria eskatu zuen Zabalak.
Lan gatazka kolektibo baten aurrean bi pertsonen kontrako
kautelazko neurriak zentzurik ez zuela argudiatuta, Gernikako epaitegiak eskaera ukatu bazuen ere, Bizkaiko audientzia probintzialak neurria onartu zuen. Beraz, 2014ko uda hasieratik eta epaiketaren zain dauden bitartean, bi langileri 500 metroko urruntze agindua ezarri diete.
Aurtengo uda hasieran heldu da bi langile horien kontrako
eskaera penala. “Ze botere publikok eta legedik babesten dituzte lapurrak maila honetaraino? Justiziak ezin ditu biktimak kriminalizatu eta errudunak babestu, nahikoa da!”, aldarrikatu dute.