Inaugurazio ekitaldia zapatuan [uztailak 9] izango da, 12:30ean. Eta herritar guztiak ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte. Funtsean,
Plaza Txikiaren ondoan dagoen tunelean horma irudi koloretsua egin dute Arte Eskolako kideek, mosaiko estilokoa, koloretsua eta tuneleko horma zuriak janzten dituena; itsas animalien irudiekin osatu dute horma irudia.
“Horma irudia hiru astetan egin genuen. Eta polita izan da, izan ere, gehienok parte hartu dugu; horregatik da aberatsa. Parte hartu ez dutenek ezin izan dutelako izan da”, azaldu du Nerea Illarramendi Arte Eskolako kideak. Mosaiko itxurako horma irudia egiteko ideia Jose Ignacio Treku Arteko Eskolako maisuarena izan dela ere azaldu du Illarramendik. “Berea da ideia, baina guztion artean egin dugu”.

Plaza Txikiaren pareko tuneleko horma irudia
Hiru astean, beraz, Arte Eskolako klaseetara joan beharrean tunelean egon ziren artelana egiten. “Arratsaldetan, klasera joan beharrean han egiten genuen lana”.
Horma irudi hau Arte Eskolakoek herrian egiten duten bigarren artelana da. “Atxukalen egin genuen lehenengoa. Baina hura egiteko teknika asko behar zen, eta guztiok ez geneukan behar besteko teknika. Oraingoa baina, guztion artean egin dugu”.
Baina Arte Eskolakoek duten abilezia ez da horretan amaitzen. Izan ere, herrian bi artelan egin eta gero, datorren urtean ere kalera begira beste zer edo zer egingo dute. “Datorren urtean datorren urtekoa”.
Herritarrei, gainera,
egindako lanak errespetatzeko eskatu nahi izan diete. «Horregatik ipini dugu tunelaren alde baten
Mutriku herria, Mutriku maitia, Mutriku garbia…denon artean! leloa».

Horma irudian agertzen den itsas animalia bat
Erakusketa. Horrez gain, domekara arte [uztailak 10], Arte Eskolakoek ikasturte honetan egindako lan batzuk ikusgai daude Zabiel kultur etxeko erakusketa aretoan. “Ikasturtean egindako lan guztietatik aukeraketa egin eta batzuk jarri ditugu ikusgai”. Erakusketa 18:30etik 20:30era bisitatu ahal da.

Arte Eskolakoen erakusketa, Zabielen