Xistera zirkuituko finalak jokatuko dira zapatuan, Markina-Xemeingo Unin
Mutrikuko Danok Bat taldeko puntistek gazte mailan jokatuko dute. Xisterako kideek Markina-Xemeingo pilotari ohiei partidak ikustera joateko deia egin diete: «Ilusioa berreskuratuko dute»Xistera zirkuituko hirugarren txapelketaren finalak jokatuko di...
Mutrikuko Danok Bat taldeko puntistek gazte mailan jokatuko dute. Xisterako kideek Markina-Xemeingo pilotari ohiei partidak ikustera joateko deia egin diete: «Ilusioa berreskuratuko dute»
Xistera zirkuituko hirugarren txapelketaren finalak jokatuko dira zapatuan, 19:00etan hasita, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Mutil nagusi zein gazte eta nesken mailako finalak jokatuko dira. Dena dela, finalak izanda ere, zesta-punta jaialdi bat legez aurkeztu dute Xisterako partaideek. «Finalak interesgarriak izango dira, baina garrantzitsuagoa da jaialdia bera», dio Josu Mugartegi Markina-Xemeingo klubeko presidenteak.Ekainean Durangon eta Andoainen hasi zen zirkuituari amaiera emateko partidak izango dira zapatukoak.
Nagusi mailan 30 tantora jokatuko da partida. Horretan, Donostia eta Guetharyko Olharroa taldeko Narbartek eta Julienek Donibane Lohizuneko Luzean taldeko Tambourindeguy eta Gasteizko Ekhi izango dituzte aurrez aurre.
Gazte mailan, ostera, Mutrikuko Danok Bat taldeko Goixerri eta Mikel Manzisidor puntistek elkarren aurka lehiatuko dute: Goixerrik Donibane Lohizuneko Luzean taldeko Theo Labordegaz jokatuko du, eta horiek Jon Bidondo eta Mikel Manzisidor Luzeaneko eta Danok Bateko puntisten aurka jokatuko dute.
Izaro Arbe puntista markina-xemeindarrak Durangon eta Andoainen jokatutako partidak irabazi bazituen ere, ez du nesken finala jokatuko. «Bera izango da jokalarien arduraduna». Nesketan, beraz, Nahia Calvo eta Jane Arreitunaindia Eneritz Lizardi eta Maite Ortiz de Mendivilen aurka ariko dira.
Partida guztiak zuzenean ikusi ahalko dira, Internet bidez (www.xistera.eus).
Proiektua indartzen
Zesta-punta harrobitik bultzatzeko helburuagaz, Xisteraren bihotza proiektuaren parte diren elkarteen arteko batasuna dela azpimarratu zuen Ibon Urreisti Xisteraren presidenteak atzo Markina-Xemeinen egindako aurkezpenean. «Lortutako batasuna da garrantzitsuena. Euskal Herriko klub guztiak batu gara proiektu honen baitan, eta guztiok harrobia bultzatu nahi dugu; harrobirik gabe ez dago etorkizunik».
Horrez gain, Xisterak askotariko lanak egiten dituela ere azpimarratu zuen. Eta horretan, Izaro Arberen lana azpimarratu nahi izan zuen mutrikuarrak. «Oso pozik gaude Arberen lanagaz. Jokalari legez ondo badago ere, Xisterako zuzendaritzan ere sartu dugu, eta sustapen arloan oso lan ona egiten ari da; harro sentitzen gara».
Unira joateko deia
Halaber, Markina-Xemeingo pilotari ohiei zapatuan Unira joateko deialdia egin nahi izan diete Urreistik eta Xisterako gainerako partaideek: «Finalak ikustera etortzen badira, ilusioa berreskuratuko dute. Datozela gazteak ikustera, lan bikaina egiten ari dira, eta euren bultzada eskertzekoa izango da».
Aurrera begira, Xistera egonkortzen joango dela aurreratu zuen Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federakuntzako presidenteak: «Lehenengo pausoak beti izaten dira zailak, baina gauzak finduz eta konponduz, espero dugu datorren urterako oraindik ere proiektua indartsuagoa izatea».