Ondarroako Kalare Deuna kofradiak igorritako datuen arabera, azken egunotan 61.936 kilo hegaluze deskargatu dira Egidazu kaian. Kanpainan dabiltzan ontzien eta harrapaketen kopuruak gora egin du azken astean, eta hortaz, aurreko astean baino merkeago saldu da arraina. Bataz beste, 3,72 euroan saldu da kiloa bentan.
Hegaluzea kostatik nahikoa hurbil ari dira harrapatzen, Bilbo gainean. Ontzi bakoitza arrain gutxi porturatzen ari baldin bada ere, 6.000 eta 8.000 kilo artean, nahikoa arrain ari dira deskargatzen. Izan ere, arrantzaleak mare motzak egiten ari dira; lau edo bost egunerako itsasoratzen ari dira gehienak.
Asteon deskargatu dituzten aleei dagokienez, nahikoa handiak izan direla nabarmendu dute. Bataz beste, 9 kilo inguruko aleak izan dira gehienak. Hegaluzeaz gain, hegalabur eta moja ale batzuk ere deskargatu dituzte Egidazu kaian.
Baxurako arrantzaleak antxoa deskargatzen, gaur goizean, Ondarroan
Atzo [uztailak 6], esaterako, 9 hegalabur ale lehorreratu zituzten, eta gaur [uztailak 7], ostera, beste 2. Ale oso handiak izan dira, 30-50 kilo ingurukoak. Merkatuan eskaintza gutxi dagoenez, hegaluzea baino garestiago kotizatu da; kiloa, 7 euro bueltan. Mojei dagokienez, atzo, 7 ale eta gaur, beste lau ale porturatu dituzte. Kiloa, 3,5 euro inguruan saldu da.
Sare pelajikoekin
Hurrengo egunotan sare pelajikoekin arrantzatzen ari diren ontziak (Irlanda eta Frantziakoak) itsasoratuko direla aurreikusten da, eta horiek hegaluzea eta hegalaburra saltzen hasten direnean, prezioak zer edo zer amilduko direla aurreikusten dute Ondarroako kofradiako ordezkariek.
Egunotan beste espezie batzuk ere arrantzatu dituzte baxurako arrantzaleek. Batez ere, betandia eta txitxarroa porturatu dituzte.