Ohi baino beranduago, aurreko eguenean [ekainak 30] egindako osoko bilkuran onartu zituzten 2016 urteko aurrekontuak. Zehatz esanda,
11.749.888,76 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak; hau da,
iaz baino 1.264.120,26 euro gehiago – 10.485.768,50 euroko aurrekontu bateratua aurkeztu zuen udalak –. Kopurua iazkoa baino handiagoa baldin bada ere, neurri handi batean
Kamiñaldeko lanek baldintzatuta egongo dela jakitera eman du Ondarroako Udalak.
Zunbeltz Bedialauneta alkateak aitortu duenez, 2 milioi euroko
finantza kreditua kontuan hartu dute aurrekontuetan, badaezpada. «Kopuru hori aurrekontuetan sartuta ageri bada ere, momentuz ez dugu kreditu hori eskatu. Badaezpadako neurria hartu nahi izan dugu».
Iazko aurrekontuetatik beste kontu batzuk ordaindu ahal izateko gordeta zituzten 1,3 milioi euro erabili behar izan ditu udalak
Udala lanak ordaintzeko finantzaketa bermatzen ari den bitartean, lanak ordaintzeaz ari da arduratzen. Horretarako, iazko aurrekontuetatik beste kontu batzuk ordaindu ahal izateko gordeta zituzten 1,3 milioi euro erabili behar izan ditu udalak, baina dena ordaindu ahal izateko nahikoa dirurik ez dutela ziurtatu dute udal ordezkariek. «Gordeta genuen dirua ez da nahikoa izan. Orain momentuan mendia egonkortzen ari diren langileak kobratu barik ari dira lanean, eta horrek asko kezkatzen gaitu. Aldundia, momentuz, 1,5 milioi euroko diru laguntza bideratzera konprometitu da, eta diru hori noiz ailegatuko zain gaude. Diru laguntza aste honetan jasoko dugula uste dugu, eta kopuru horregaz ditugun zorrak kitatzen ahaleginduko gara».
Bedialaunetak gaineratu duenez, diru
laguntza gehiago lortu beharko dituzte, udala ez zorpetzeko. «Aurrekontuetan nahikoa estu ibili gara. Dirua Kamiñaldeko lanetara bideratu ahal izateko beste sailetan ezin izan dugu ia inbertsiorik egin».
Uste baino sarrera gutxiago. Kamiñaldeko lanak ordaintzeko erabili diren 1,3 milioi euroak, hain zuzen, udalaren kontra egindako hainbat erreklamazio ordaintzeko gordeta zituen udalak. «Besteak beste, Ibaiondoko garajeetarako eta Zaldubideko espedienteei aurre egiteko gordeta genuen diru hori».
Aldaketarik ezean San Inazio kaleko 92 familiek euren etxebizitzetara bueltatu ahal izango dute abuztuaren erdirako
Bestalde, Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko egiten ari diren lanak martxa onean jarraitzen dutela adierazi du Bedialaunetak. Azken orduko aldaketarik ezean, San Inazio kalean bigarren fasean euren etxebizitzak hustu behar izan zituzten
92 familiek euren etxebizitzetara bueltatu ahal izango dute abuztuaren erdirako. «Segurtasun neurriak bermatzen badira, behintzat, Artibai ibaiaren parean dauden etxeetako bizilagunek euren etxebizitzetara bueltatu ahal izango dute. Horrez gain, bidea ere zabaltzeko asmoa dago».
Aurrekontuei dagokienez, EH Bilduren aldeko bozkekin onartu dira;
EAJ abstenitu egin zen. «EAJk beste lanketa egin behar dela esan digu. Gure aldetik, dugun dirua ahalik-eta hobetoen kudeatzen ahalegindu gara.
Aurrekontuak oso estututa daude, uste baino sarrera gutxiago izan ditugu, eta aurrekontuak osatzea ez da erraza izan. Udalkutxatik aurreikusitako kopurua ere askoz txikiagoa izan da, eta horrek ere gauzak asko baldintzatu ditu».
Zehatz esanda, 5.342.115 euro jaso ditu aurten Ondarroako Udalak –iaz baino 27.268 euro gehiago–. Hala ere, aldundiak 2015ean jasotako diru bilketa espero baino txikiagoa izan zenez, udalak iazko aurrekontuetan jasotako 501.970 bueltatu beharko ditu aurtengo ekitaldian.
Ondarroa Lantzenek 50.000 euro bideratuko ditu Iturribarriko babes ofizialeko eraikinean egon diren arazo batzuk konpontzeko
Aurrekontuen gehiena udalari bideratuta egongo bada ere, azken urteotan egin modura, partida bat Ondarroa Lantzen SAra bideratuko da. Hau da, 11.630.456 euro bideratuko dira udal aurrekontuetara, eta gainontzeko 119.433,06 euroak Ondarroa Lantzen SAra. Kopuru horretatik 50.000 euro inbertsio errealetara bideratu ditu Ondarroa Lantzenek, eta beste 50.000 euro Iturribarriko babes ofizialeko eraikinean egon diren arazo batzuk konpontzeko erabiliko dira.
Gastuei dagokienez, kopururik handiena langileriara bideratuko da: 3.711.440 euro. Eta inbertsioei dagokienez, udalak askorik egiteko tarterik ez badu ere, hainbat gauza hobetzen saiatuko da. Besteak beste, kiroldegian, Alleriko paduran, Artibai egoitzan, liburutegian eta Etxelilan hainbat hobekuntza egiteko asmoa agertu du udalak.
Artibai egoitzan eta Etxelilan leihoak aldatzeko, hurrenez hurren, 60.000 eta 21.000 euro bideratuko dira. Liburutegiko liburuak eta bestelako materiala erosteko, ostera, 15.000 euro inguru.
Era berean, iaz
Alleriko paduran egitekoak ziren lanak
aurten egitea aurreikusten dute. Marea biziak daudenean errekak gainez ez egiteko, moldaketa batzuk egingo dira paduran. Horretarako, 60.000 euro bideratuko dituzte.
Kiroldegian hobekuntzak egin nahi dira: kirol materiala eta gihartze gelarako ekipamendua erosiko dira. Arrigorri inguruan fitness gune bat ipintzea aurreikusten da
Horrez gain, herrian
LED argiteria ipini nahi da, faseka. Lehenengo fasean 69.550 euro inguru inbertituko dituzte, modu horretara argi indarraren kostua gutxituz.
Kiroldegian ere hainbat hobekuntza egin nahi dira. Irisgarritasuna bermatzeko arranpak ipiniko dituzte, eta horretarako 100.000 bideratuko dira. Beste 5.000 eurona inbertituko dira kirol materiala eta gihartze gelarako ekipamendua erosten.
Kirol arloan, gainera, fitness gune bat ipintzea aurreikusten da Arrigorri inguruan. Beste 12.000 euro bideratuko dira horretarako.
Kaleandiko igogailua. 2016ko ekitaldirako inbertsio planen zerrendan, gainera, Kaleandin, Likona dorrearen inguruetan igogailu bat eraikitzea aurreikusita dago.
Hala ere, proiektua
Ibaiondoko garajeen kontzesioari lotuta dagoela aurreratu du alkateak. Hau da, kontzesio prozedura burutzen ez den bitartean, ezingo da egin. «Txomin Agirre ikastolaren azpian dagoen aparkalekuagaz hainbat arazo egon dira. Lurren jabea den gotzaintzagaz ez dugu adostasunik lortu, eta epaiketara joateko asmoa dago. Aparkalekua zabaltzeko baimen irmoa jasotzen dugunean, bertan ditugun garajeak saltzeko asmoa dugu. Gure aurreikuspenen arabera, 360.000 euroko diru sarrerak edukiko genituzke, eta kopuru horregaz ordainduko genituzke Kaleandiko igogailuaren lanak».
Datorren urteko aurrekontuei dagokienez, udazkenean prestatzen hasteko asmoa agertu du udalak.