Lea-Artibaiko 11 udalerrik Urriko Azoka bermatzea hitzartu dute
Hitzarmena sinatzen den estreinako aldia izan da. Urriko Azokaren antolakuntza araudia eguneratu eta baldintzak zehaztu dituzte. Bertokotasuna dute arau nagusiaLea-Artibai Landa Garapen Alkarteak eta Lea-Artibaiko 11 udalerrik lankidetza hitzarmena sin...
Hitzarmena sinatzen den estreinako aldia izan da. Urriko Azokaren antolakuntza araudia eguneratu eta baldintzak zehaztu dituzte. Bertokotasuna dute arau nagusia
Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak eta Lea-Artibaiko 11 udalerrik lankidetza hitzarmena sinatu dute Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren mantenua bermatzeko. Hitzarmenagaz, aldi berean, eskualdeko ekoizle eta baserritarren lana eta produktuak sustatzeko helburua dutela azaldu dute.Iñaki Sainz Osinaga Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteko lehendakariak eta Amorotoko, Aulestiko, Berriatuko, Gizaburuagako, Etxebarriko, Ispasterko, Markina-Xemeingo, Mendexako, Munitibarko, Ondarroako eta Ziortza-Bolibarko alkate eta udal ordezkariek sinatu zuten hitzarmena joan den barikuan Lea-Artibai Amankomunazgoaren egoitza Patrokua Jauregian egindako bilkuran. «Hamabi erakundeok lankidetza hitzarmen honi esker indarrak batuz, Lea-Artibai eskualdeko landa garapenaren aldeko apustua, ahal den heinean, errealitate bihurtzeko aukera dagoela uste dugu».
Hitzarmena sinatzen den estreinako aldia da aurtengoa, eta Urriko Azokaren antolakuntza araudia eguneratu eta baldintzak zehaztu dituzte. «Azoka nork antolatzen duen, zelan finantzatuko den, non egingo den, nork parte hartzen duen eta bakoitzak ze betekizun bete behar dituen jasotzen ditu, besteak beste, hitzarmenak», zehaztu zuen Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteko lehendakariak.
Bertokoek lehentasuna
Urriko Azokan parte hartzeko kontuan hartuko den arau nagusia bertokotasuna izango dela argi utzi dute. «Lea-Artibaiko ekoizle zein abeltzainek azokan parte hartzeko lehentasuna izango dute, eta bertakorik ez balego Lea-Artibaitik hurbilen egotea izango da irizpidea». Ekoizleek azokan salduko dituzten produktuak, bestalde, «Euskal Herrian ekoiztuak» izan beharko dira.
Finantziazioari dagokionez, %75 biztanleen arabera egiten dela azaldu dute, eta beste %25 adostutako irizpide baten arabera. «Markina-Xemeingo Udalak, gainera, aparteko kopuru finko bat ordainduko du azoka herrian egiteagatik, eta Etxebarriko Udalak ere beste kopuru bat».