Herri Eskolako leihoak aldatuko ditu Lekeitioko Udalak udako oporretan
Herri Eskolako eraikin gorriko leihoak aldatuko ditu Lekeitioko Udalak uda sasoian. Umerik ez dagoen garaia aprobetxatuko dutela esan dute, lanak aurrera eramateko.
40 urte baino gehiago dituzten leihoak bi fasetan aldatuko dituztela jakitera eman du udalak. Aurtengoa izango da lehen txanda, eta oraingoan, eraikineko leiho erdiak aldatuko dituzte: eraikinaren aurrealde oso bat, ondoko leihoak eta gimnasiokoak, hain zuzen. Lan horiek 60.000 euroko kostua izango dute eta ezinbestekoak direla adierazi dute. «Leihoak aldatu beharra dago umeen segurtasuna eta osasuna hobetzeko eta energia galerarik ez egoteko».
2017an azken fasea burutuko da eta falta diren leiho guztiak ordezkatuko dituztela zehaztu dute. Horrez gain, gelak egokitzen ere lagunduko dio Lekeitioko Udalak herriko eskolari.
Kiroldegiko teilatua
Bestalde, Santi Brouard kiroldegiko futbito eta kiroldegiko erreteila ere konponduko dute. «Euria egitean ezinezkoa zen erabiltzea, behegainean putzuak sortzen ziren eta. Bertan edozein ekintza egitea arriskutsua bihurtzen zen».
Obra Deck sistema bidez egingo dutela azaldu dute, «gaur egun dagoen materialaren gainetik». Teilatua bost astetan konponduko dute eta guztira konponketak 100.000 euroko kostua izango du.