Iazko udan hasitako bide beretik, era guztietako ekimenak antolatuko ditu eguenero, Galarrena Elkarteak. «Abantian» egongo da Galarrena uztailean eta abuztuan.
Iazko udan hasi eta aurtengo neguan izandako ibilbide beretik, uda honetan ere, ekitaldiz bete nahi duzue Galarrena. Zer dela eta?
Iñaki Goikoetxea: Beti esan izan dogu Galarrena taberna bat baino askoz gehiago dela. Iaz Herriko Tabernen kontrako azken epaiaren ostean, bide horri indar handiagoz ekitea erabaki genuen. Aurten, pauso bat gehiago eman eta, edozein oztoporen gainetik, abantian jarraitzen dugula erakutsi nahi dugu, inoiz baino indar eta ilusio gehiagogaz.
Galarrena Elkartearen eskutik dator egitasmoa. Nortzuk osatzen duzue eta zein da daukazuen filosofia?
Iñaki Leniz:Lekittoko ezkertiar eta abertzale guztion bilgune izateko helburuagaz sortu genuen Galarrena. Hortik aurrera, herritar orori zabalik dagoen elkartea gara; talde, eragile edo norbanako guztientzako tresna bat izan nahi duena.
Zein motatako ekintzak egongo dira uda honetan?
I. G.: Orain arte bezala, ahalik egitaraurik anitzena osatzen saiatu gara: kontzertuak, pailazoak, hitzaldiak, bideo emanaldia…beti ere janaz eta edanaz lagunduta.
Egitaraua nori zuzenduta dago?
I. G.: Ahalegin berezia egiten dugu adin guztietako jendeari zabaltzeko. Udaberriko egitarauan ere ikusi genuen horrek emaitza onak ematen dituela, ekimen ezberdinek oso erantzun ona izan zuten eta. Edonorentzat ateak zabalik ditugu eta herri honetan berez dagoen eskaintzari geure ekarpena egin nahi diogu.
Noiztik nora antolatuko dituzue ekintzak?
I. L.: Atzo hasi genuen udako egitaraua. Ane Salvador bakarlariaz gain, antxoa jana izan genuen, eta aurretik, irekiera ekitaldi xume bat egin zen. Ekimen gehienak ostegun arratsalde edo iluntzetan izango dira, abuztuaren erdi aldera arte.
Galarrena Pala Txapelketa ere martxan dago. Zelan doa?
I. G.: Pala txapelketa taldekako fasean dago momentu honetan. 100 parte hartzaile inguru daude, maila ezberdinetan banatuta. Txapelketa abuztuaren 6an amaituko da, jai txiki bategaz. Urtero bezala, giro ezin hobean jokatzen ari dira herriko eta inguruetako hainbat neska-mutil.
Iñaki Goikoetxea eta Iñaki Leniz Galarrena Elkarteko kideak. Argazkia: Galarrena
Galarrena, beste hainbat herriko tabernen modura, oraindik auzi horren sententziaren zain dago. Zein da momentu honetako egoera?
I. L.: Egoera juridikoari dagokionez, erabateko ziurgabetasunean jarraitzen dugu; edozein momentutan etor daitezke Galarrena ixtera.
Itxarote egoera horrek eraginik badauka egunerokoan?
I. L.: Egoera horrek muga asko ezartzen dizkigu egunerokoan, noski, baina are indar handiagoa ematen digu aurrera jarraitzeko. Bide horretan antolatu dugu udako egitaraua «Galarrena Abantian» lelopean.
Egoera horren aurrean, zein izango da Galarrena Elkartearen jarrera?
I. G.: Ez gara eskuak gurutzatuta zain geratuko, behin baino gehiagotan erakutsi dugu hori, eta Lekitto koloreztatzen jarraituko dugu.