Arnasa (Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea) Elkartearen jai solidarioa egin zen atzo [uztailak 9] Ondarroako Musika Plaza eta inguruetan, fibrosi kistikoa duten pertsonen eta familien alde.
Jende asko batu zen Musika Plazan eta frontoian egindako ekimenetan, eta jai solidarioan batutako dirua arnas fisioterapiara bideratuko dela adierazi dute Leire Mitxelena Arnasa elkarteko presidenteak eta Noemi Uribe elkarteko ordezkari ondarrutarrak. “Gaur batutako diruari esker hilabete batzuetako arnas fisioterapia ordaindu ahal izango dugu. Ez dugu beste inondik laguntza ekonomikorik jasotzen, eta horrelako ekimenei esker lortutako diruari esker ez balitz, arnas fisioterapia barik geratzeko arriskua izango genuke”.
Atzokoan herritarrek elkarteari emandako “bultzada ederra” eskertu nahi izan dute Arnasakoek. “Ondarroan beti laguntza handia jaso ohi dugu. Ondarroan besteko erantzun onik ez dugu beste inon jasotzen. Herri guztia bultzada emanda ikusten da hemen, eta hori oso pozgarria da”.
Arnasa Egunaren bukaeran Musika Plazan ateratako argazki erraldoia
Ohi modura, festa giroan ospatu zuten eguna. Arnasakoek egitarau oparoa prestatu zuten, eta hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izan zuten herritarrek, giro ederrean.
Goizean egindako gymkhana erraldoian, esaterako, jende askok parte hartu zuen. Lehenengo gaztetxoen txanda izan zen, eta azkenik, gurasoena. Haur zein helduek ibilbide bera bete behar izan zuten. Hainbat oztopo gainditzeaz gain, arku tiroa, dardo jaurtiketa edo ahatetxoak arrantzatu behar izan zituzten. Proba amaieran diploma bana jaso zuten guztiek.
Batzuk Musika Plazan gymkhana egiten ari ziren bitartean, beste batzuek frontoiko puzgarrietan eta haur jolasetan ibiltzeko aukera izan zuten. Eguerdiko ekimenekin amaitzeko, elkartasun tombola egin zuten. Zortea izan zutenek sariren bat edo beste eramateko aukera izan zuten. Afari bat, ostatu batean egonaldia, ardo botilak, Azpeitiako Errekortari Txapelketako sarrerak, Arnasako materiala, eguzkitako kremak eta beste hainbat sari lortzeko aukera izan zuten irabazleek.
Gaztetxoak gymkhanan parte hartzen
Arratsaldean, berriz, beste hainbat ekimen egin zituzten. Xaboizko burbuila erraldoiak egiteko txokoa prestatu zuten, eta hainbat gaztetxo pozik ibili ziren burbuilak egiten.
Hodei magoak eta Tiritatxok, ostera, barre algaraka eta dantzan ipini zuten Musika Plaza. Hodei magoak eta Tiritatxok hainbat magia trikimailu egin zituzten, eta bat baino gehiago aho zabalik utzi zuten. Tartean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen dantza eta koreografiak ere egin zituzten han batutako denen gozamenerako.
Ikuskizunaren amaieran argazki erraldoia atera zuten herritarrek, eta eguna DJ Elepuntoren kantu dantzagarriekin amaitu zuten. Jaia borobiltzeko, Arnasako kanta ipini zuten, eta Arnasa elkarteko kideak agertokira igota dantzan ibili ziren.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.